Itxi

Reala

BBVA Liga

Realak kolpe gogorra jaso du Vila-realen (5-1)

Erredakzioa

Talde horiak erakustaldia eman du berdegunean, eta txuri-urdinek ezin izan dute ezer egin defentsan. Vila-realek bosgarren postua kendu dio Realari.

1:38

Realak jipoia jaso du Vila-realen (5-1), eta bosgarren postua galdu du. Vila-realek erakustaldia eman du berdegunean, eta Uchek eta Dos Santosek 3-0ekoa jarri dute lehenengo zatian. Bigarren zatian, Marcelinoren gizonek sendo jarraitu dute, eta 5-0ekoa jarri dute markagailuan. Imanol Agirretxek egin du txuri-urdinen gola.

Vila-realek aurreneko minututik agindu du Madrigalen, eta Realak asko sufritu du defentsan Moi Gomez eta Giovani Dos Santos gelditzeko. Jagoba Arrasateren gizonek kontraerasoa bilatu dute behin eta berriro, baina talde horiak ezustekoa eman du 16. minutuan. Dos Santosek Claudio Bravo aise gainditu du, eta talde horia 1-0 aurreratu da.

Xabi Prietok berdinketaren gola lortzeko abagune ederra izan du 24. minutuan, baina Asenjok gelditu ikusgarria egin dio kapitain txuri-urdinari. 27. minutuan, Uchek 2-0ekoa jarri du markagailuan, taldeko jokaldi eder bat maisutasunez bukatuta. Reala noraezean ibili da berdegunean, eta Vila-realek hirugarren gola egiteko aprobetxatu du (Dos Santosek, 33. minutuan). Atsedenaldira 3-0eko markagailuarekin joan da Donostiako taldea.

Marcelinoren gizonek agintzen jarraitu dute, bigarren zatian, eta Uchek 4-0ekoa jarri du markagailuan, 54. minutuan. Vila-realek erakustaldiarekin jarraitu du, eta Moi Gomezek bosgarren gola egin du, 56. minutuan. Realak erasoan gehiago arriskatu du, eta Imanol Agirretxek txuri-urdinen gola egin du, 60. minutuan (5-1).

Giovani Dos Santosek seigarren gola eskuratzeko abagune ederra izan du, baina mexikarrak langa gainetik bidali du falta jaurtiketa.

Talde horia jaun eta jabe izan da azken minutuetan, baina ezin izan du Claudio Bravo berriz ere gainditu. Azkenean, hiru puntuak Madrigalen gelditu dira (5-1).

Fitxa teknikoa:

5 - Vila-real: Asenjo; Mario, Musacchio, Dorado, Jaume Costa; Aquino, Bruno (Pina, 70. minutuan), Trigueros, Moi Gomez (Nahuel, 65. minutuan); Giovani (Perbet, 73. minutuan) eta Uche.

1 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Iñigo Martinez, Jose Angel; Ruben Pardo (Mikel, 46. minutuan), M. Bergara (Ros, 58. minutuan); Carlos Vela, Xabi Prieto, Griezmann (Zurutuza, 46. minutuan); eta Agirretxe.

Golak: 1-0. 16. minutuan: Giovani. 2-0. 26. minutuan: Uche. 3-0. 32. minutuan: Giovani. 4-0. 54. minutuan: Uche. 5-0. 57. minutuan: Moi Gomez. 5-1. 58. minutuan: Agirretxe.