Itxi

Reala

Adierazpenak

Xabi Prieto: 'Daramatzagun puntuekin etsita gaude'

Erredakzioa

Ligako sailkapenean 15. postuan dago Reala, bost punturekin, eta ligako geldialdira hausnarketa gogoz heldu dira.

  • Artxiboko irudia, Xabi Prieto. Argazkia: EITB

Taldea ‘etsita’ dagoela adierazi du Realeko erdilaria den Xabi Prietok astelehen honetan. Orain arte, 21 puntu posibletik bost daramatzate, eta beraz, ez daude egoerarik onenean, baina Prietok irmo azaldu du Jagoba Arrasate, entrenatzailea, egoera honi buelta emateko aproposena dela.

‘Azken partiduekin eta daramatzagun puntuekin ez gaude batere pozik. Baina aurrera begiratu behar dugu, eta emaitzak lortzearren borrokatu, helduko dira-eta, taldeak hobetzeko aukera asko baitauzka eskura. Denok espero genuen hobe egotea eta puntu gehiago edukitzea,  baina taldea gai da egoera latz honetatik ateratzeko’, adierazi du gipuzkoarrak.

Gauzak horrela, selekzioen partiduak direla-eta, Liga bi astez geldituko den honetan, orain arte egindako akatsak eta taldearen egoera ‘zuzentzeko eta aztertzeko’ une egokia dela azpimarratu du Xabi Prietok. ‘Asko eskatu ahal zaio talde honi eta gorantz egin dezake. Une latzak bizi izan ditugu baina taldeak aurrera egingo du, eta espero dugu inflexio-puntu hau baliagarria izatea partiduak irabazi ahal izateko, behar duguna baita’, azaldu du gipuzkoarrak.

Aurreko igandeko partiduari erreparatuz, ‘egun on bat’ izan ez zela azpimarratu du Realeko jokalariak, Espanyolen aurka 2-0 galdu baitzuten. ‘Ez Sevillan, ezta Espanyolen aurka ere, ez ditugu partida onak jokatu. Lehen aukeran aurretik zihoazen, eta horrela zaila da. Geroago, kontran eroso zeuden eta guri kostatu egiten zitzaigun, eta bigarren zatia ondo hasi genuen baina zehaztasun askorik gabe. Berdinketa hel zitekeela uste genuen, baina bigarrena heldu zen”, adierazi du donostiarrak.