Itxi

Reala

Errege Kopa, 2-3

Realak ez du Kopan jarraituko ahazteko moduko bigarren zatia egin ostean (2-3)

Erredakzioa

Donostiarrak markagailuan aurretik heldu dira atsedenaldira (2-0), baina bigarren zati txar bat egin dute eta Lleidak kanporaketa irauli ahal izan du.

1:17

Anoetak azken urteetako gaurik garratzenetako bat bizi izan du asteazken honetan, Lleidak Errege Kopa kanpo utzi baitu Reala, bigarren zatian joaneko partidako 0-1ekoari eta etxekoek lehen zatian lortu duten 2-0ekoari buelta eman ostean.

Zelaira bertaratu diren zale apurrek (8.819) partida lasaia espero zuten, eta hala izan da lehenengo zatian, txuri-urdinak nagusi izan baitira tarte horretan. Gainera, aurretik jarri dira 24. minutuan Diego Llorentek buruz sartu duen golari esker, denboraldian zehar sartzen duen seigarrena.

Egoera are aldekoago jarri zaie etxekoei Juanmik bigarrena sartu duenean, ohi duen malezia erabilita. Hala, kanporaketa erabakita zegoela zirudien.

Aitzitik, Lleidak ez du amore eman, nahiz eta bigarren zatiaren hasieran egoera oso aldekoa zen etxekoentzat.

Lehendabizi Aitor Nuñezek egin du gola, eskuin hegaletik egindako barneraldi batean. Realak erlaxatuta zirudien, eta ez du aintzat hartu katalanen abisua; horrenbestez, handik gutxira bigarrena egin dute bisitariek, Manu Molinak penaltiz sartutako golarekin.

Berdinketa horrek gol bakarrera utzi du kanporaketa gainditzeko aukera Lleidarentzat, eta ez du aukera alperrik galdu, norgehiagoka bukatzeko lau minutu falta zirela emaitza irauli baitu Radulovicek buruz egindako golarekin.

Gol horrek erreakzionatzeko ahalmenik gabe utzi ditu Realeko jokalariak, eta azkenerako lehiaketatik kanpo geratu dira ezin izan baitute beste golik erdietsi.

Fitxa teknikoa:

Reala 2: Ramírez; Carlos Martínez, Navas, Llorente, De la Bella; Rubén Pardo (Zurutuza, 61. min), Prieto (Zubeldia, 55. min), Canales; Vela, Juanmi eta Jon Bautista (Oyarzabal, 79. min).

Lleida Sportiu 3: Diego Rivas: Aitor Núñez, Musa Bandeh, Valiente, Eneko; Trilles, Javi López, Manu Molina; Marc Nierga (Radulovic, 75. min), Jorge Félix, Jordi Martínez (Andriu, 88. min).

Golak: 1-0, min. 24: Diego Llorente. 2-0, 34. min: Juanmi. 2-1, 56. min: Aitor. 2-2, 59. min: Manu Molina, penaltiz. 2-3, 86. min: Radulovic.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak: Toño, Zubeldia (rRala) eta Núñez (Lleida).