Itxi

Reala

EUSKAL DERBIA

Realak ez du Anoetan Athleticen aurkako derbirik irabazten 2014tik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Dena dela, otsailak geroztik, txuri-urdinek Liga txapelketan Anoetan jokatu dituen azken sei norgehiagoketatik bost poltsikoratu ditu.

  • Raul Garciak gola sartu zuen joan zen denboraldian Anoetan jokatutako derbian. Argazkia: EFE

    Raul Garciak gola sartu zuen joan zen denboraldian Anoetan jokatutako derbian. Argazkia: EFE

Realak azken denboraldietan ezin izan dio etxean Athletici irabazi. Hartara, joan zen denboraldian zuri-gorriek garaipena lortu zuten, eta aurreko bietan berdindu egin zuten Anoetan. 2014ko maiatzean jokatu zen derbian lortu zuten gipuzkoarrek azkenekoz gailentzea.

Reala, dena den, etxean irabaztera ohitu da azken hilabeteetan; izan ere, otsailak geroztik, Liga txapelketan Anoetan jokatu dituen azken sei norgehiagoketatik bost poltsikoratu ditu. Horixe izango da larunbat honetako euskal derbiak duen interesgunetako bat, hain zuzen ere.

Malagako porrotaren eraginez Europako postuen lehiatik aldenduta geratu dira txuri-urdinak, eta are okerrago daude bilbotarrak, San Mamesen Levanteren aurka partida eskasa egin eta gero. Lau jardunaldiren faltan, Zigandarenek oraindik ez dute Lehen Mailari eusteko behar diren adina puntu lortu (bakarra falta zaie).

Imanol Alguacilen jokalariek Europa Ligarako txartela ematen duen azken postua bost puntura duten arren, borroka horretan sar daitezke, baldin eta derbia irabazten badute eta beste taldeen emaitzak aldekoak badituzte.

Alabaina, Anoetan azken urteetan izandako estatistikak betez gero, zaila izango dute hala gertatzea. Hiru aldiz besterik ez dute garaipena lortu azken hamarkadan. Azkena, esan bezala, duela lau urte. Athleticek ere beste horrenbeste garaipen eskuratu ditu, eta gainerako emaitzak berdinketak izan dira.