Itxi

Reala

ANOETAN, 16:15EAN

Realak eta Athleticek bolada txarrean egingo diote aurre derbiari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñigo Martinezek debuta egingo du Anoetan elastiko zuri-gorriarekin, Xabi Prietok eta Aritz Adurizek jokatu ezin izango duten norgehiagokan.

  • Oyarzabal eta San Jose, joan zen denboraldian Anoetan jokatutako derbian. Argazkia: EFE

    Oyarzabal eta San Jose, joan zen denboraldian Anoetan jokatutako derbian. Argazkia: EFE

Reala eta Athletic denboraldi kaskarra ari dira egiten aurten, eta hala helduko dira euskal derbira ere: modu kaskarrean, batak zein besteak galdu egin baitzuten aurreko jardunaldian.

Etxekoen aldetik, albiste nagusia da Xabi Prieto kapitaina ez dela jokatzeko moduan izango; beraz, ezingo dio derbiari zelaitik agur esan. Imanol Alguacil donostiarren entrenatzaileak erabiltzeko moduan ez dituen beste jokalariak Imanol Agirretxe aurrelaria eta Carlos Martinez defentsa dira.

Aitzitik, bere aginduetara izango ditu azkenaldian golak lortzen dabiltzan erasoko beste lau jokalari: Willian Jose, Oyarzabal, Juanmi eta Januzaj. Izan ere, talde gipuzkoarra Lehen Mailako taldeen artean gol gehien sartzen duen laugarrena da.

Reala zuzentzearen ardura hartu zuenetik, Alguacilek bi garaipen pilatu ditu Anoetan, bertan jokatu dituen beste horrenbeste partidatan. Azkena, Atleticoren aurkako garaipen handia izan zen (3-0), eta Oriokoak orduko hartan atera zuen hamaikako bera plazara dezake, atezainaren posturako duen zalantza gorabehera (Rulli edo Moya).

Bilbotarren aldetik, azpimarratzekoa da Iñigo Martinezek lehen aldiz jokatuko duela Anoetan zuri-gorriz jantzita, Reala utzi eta neguko merkatuan Athleticera pasatu ostean.

Zigandaren taldeak emaitza onak pilatu ditu bere aurreko bi irteeretan, ondo jokatuta, gainera: Vila-realen aurka (1-3) eta Real Madrilen kontra (1-1). Athleticen entrenatzailea azken jardunaldietan Adurizen eta Williamsen arteko trantsizio-prozesua prestatzen ari dela ematen du aurrelari posturako. Aduriz, gainera, lesionatuta dabil, eta ez da deialdian sartu.

Horrenbestez, Athleticen entrenatzaileak plazaratuko duen hamaikakoa iragan jardunaldiko bera izatea espero da.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Moya; Elustondo, Hector Moreno, Navas, Kevin; Illarramendi, Pardo, Canales; Januzaj, Oyarzabal, Willian Jose.

Athletic: Kepa; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; Susaeta, Iturraspe, San Jose, Cordoba; Raul Garcia eta Williams.

Epaile: Sanchez Martinez

Zelaia: Anoeta.

Ordua: 16:15.