Munduko futbol txapelketapelketa
Ospakizunak
Munduko txapeldunekin bat egin du Madrilek
Erredakzioa
Juan Carlos Erregeak harrera egin die jokalariei eta ondoren Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak gauza bera egin du Moncloako Jauregian.
Erregeek, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eta milaka jarraitzailek babesa eman diete gaur Espainiako jokalariei. Era berean, kirolarien esfortzua eta talentua eskertu dute guztiek Hegoafrikako munduko txapelketa irabazteagatik.
Vicente del Bosque entrenatzailearen mutilek ekitaldi ugari izan dituzte, baina irribarrearekin eta ohiko adeitasunarekin bete dituzte tramiteak. Johannesburgon lortutako Kopa publikoarekin eta agintariekin partekatu dute. Jarraitzaileen eta jokalarien artean konplizitatea izan da nagusi.
Iker Casillas, Andres Iniesta eta Alvaro Del Bosque entrenatzailearen semea jardunaldiko protagonista nagusiak izan dira. Alvaro Down sindromearekin jaio zen eta duela hilabete batzuk txapeldunekin autobusean joatea eskatu zion aitari. Eta horrela izan da: Alvarok jokalariekin batera gozatu du Madrilgo kaleetatik egindako ibilbidean.
Beltz koloreko autobus kabriolet batean egin dute ibilbidea. Autobusaren aurrealdean "Txapeldunak" leloa daramate horiz idatzita eta ibilgailuaren hegaletan "Gorriaren botereak mundua menderatu du. FIFA Munduko Kopako txapeldunak" testua.
Omenaldia Moncloan
Lehenxeago Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak munduko txapeldunei harrera egin die Moncloako Jauregian. Espainiako jokalariak 18:50 aldera heldu dira, Iker Casillas kapitainak Munduko Kopa eskuetan zuela.
Bigarren geldialdia egin du taldeak Moncloan, Espainiako Erregeek harrera egin ostean, Madrilen prestatu dituzten ekitaldien barnean.
Erregeen jauregian harrera egin eta gero, jokalariek lehen ibilbide bat egin dute Madrilgo kaleetatik, besteak beste, Bailen eta Princesa kaleetatik pasa dira. Bi autobusetan presidentearen jauregira heldu dira, Poliziako motor-gidariak bizkartzain zituztela.
Selekzioaren arrakastaren atzean "espainiar guztien indar bateratua dago, Espainiak mundu guztian distira egin dezan", Zapateroren ahotan.
Iniesta
Nahiz eta lotsatia izan Andres Iniestak hitza hartu du Moncloan, Exekutiboko buruzagiak horretara behartu ostean, eta "kopatxoa guztiena" dela adierazi du. "Aurretik jakin izan banu, ez nuke gola sartuko", esan du Iniestak bromatan.
Harrera Erregeen jauregian
Bestalde, Hegoafrikako Munduko Kopa irabazi ostean "ametsik onenak errealitate bihurtzeagatik" eskerrak eman die Juan Carlos Erregeak, eta "kiroltasun, zintzotasun, joko on eta lantaldearen" eredu izateagatik.
Erregina, Printzeak eta Elena infanta bertan zirela mezu hori helarazi die Juan Carlos Erregeak Espainiako jokalari eta talde teknikoari.
Munduko txapeldunen izarra duen elastiko bat oparitu diote Erregeari jokalariek, guztien sinadurekin.