Osasuna
Molinonen
Sporting-Osasuna (3-2): Saririk gabeko partida polita
Sara Lavado
Erredakzioa
50. minutuan markagailuan aurretik zen Osasuna (1-2) eta partida kontrolpean zuela ematen zuen, baina Preciadoren gizonek suspertzea lortu zuten eta hiru puntuak eskuratu dituzte.
Partida polita jokatu zuten Sportingek eta Osasunak Molinon futbol-zelaian. Emozio handikoa, zirraragarria, gol ugarikoa baina punturik ez gorritxoentzat (3-2).
Sentsazio, aukera eta jokaldi onenak Osasunarenak ziren, baina De las Cuevasek 17. minutuan sartutako gol bikainak etxeko taldeak aurreratu zuen (1-0) eta partida erabat aldatu zen. Kostata heltzen ziren nafarrak aurkariaren areara eta ez ziren Sportingen intentsitate eta erritmoari aurre egiteko gai.
Baina 37. ean Moranek Natxo Monreali egindako penaltia adierazi zuen epaileak eta Nekounamek banakoa sartu zuen hamaika metroetatik (1-1). Penalti arraroa eta ez oso argia. Golak konfiantza eman zion Camachoren taldeari eta atsedenaldia baino lehen Osasuna izan zen jaun eta jabe.
50. minutuan markagailuan aurrea hartu zuten nafarrek zorte handiko gol bati esker: Vadoczek jaurti, baloiak atzelari batean jo eta saretara sartu zen. Hortik aurrera hobera egin zuen Osasunaren jokoak, eroso eta arrisku handiarekin. Baina norgehiagokak irekia jarraitzen zuen. Eta horrela heldu zen 2-2koa. Pase ezinhobea eman zion Kike Mateok Barrali eta honek ez zuen huts egin.
Edozer gauza gerta zitekeen, kontraeraso trukea zen. Eta horretako batean penaltia egin zion Azpilikuetak Kike Mateori eta Diego Castrok panenka erara erdietsi zuen 3-2koa (81. minutua).