Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak puntu bakarra lortu du Zaragozaren aurka

Erredakzioa

Gorritxoek bana (1-1) berdindu dute Sadarren. Aragoiko taldea irabazten hasi da, baina nafarrek norgehiagoka berdintzea lortu dute bigarren zatiaren hasieran.

Osasunak bana (1-1) berdindu du Zaragozaren aurka Sadarren eta puntu bakarra eskuratu du. Gorritxoek berriro playoff postuetan sartzeko aukera izan dute garaipena lortuz gero, baina ez dute helburua lortu.

Partidari erasokor ekin dio Osasunak eta bosgarren minutuan izan du lehen abagunea; Urko Verak, ordea, ez du Zaragozaren ate aurrean asmatu. Zaragozak azkar erantzun die gorritxoen lehen aukerari, gutxigatik kanpora joan den Angelen erremate batekin. 13. minutuan Oteguik izan du Osasunaren gola sartzeko aukera, baina ez du asmatu buruz-burukoan. Talde nafarra nagusi izan da lehen zatian eta Zaragozak ezer gutxi egin du erasoan. Cabrerak egindako erremate bat izan da Zaragozaren abagune onena eta Cabrerak berak eragotzi du gorritxoen gola, 33. minutuan. Osasuna jaun eta jabe izan da lehen 45 minutuetan, baina atsedenaldira iritsi orduko Zaragozak 0-1ekoa sartu du Lanzaroteren bitartez. Aragoiko taldeak bi abagune izan ditu lehen zatian eta bat sare barrura bidali du.

Bigarren zatian indartsu zelairatu da Osasuna eta 47. minutuan partida berdintzea lortu du; gorritxoek kornerra atera, eta erremate bikaina egin du David Garciak, banakoa (1-1) sartzeko. Berdinketaren ostean, partida asko estutu da. Osasuna eta Zaragoza oso lehiakor ibili dira, eta 62. minutuan epaileak baloirik gabe utzi du De las Cuevasek sartutako gola. Sei minutu geroago, Puckok abagune bikaina izan du Osasunarentzat, baina honek ere kale egin du Zaragozako atezainaren aurkako buruz-burukoan.

Osasunak erasora jo du azken minutuetan, garaipenaren bila, baina ez du abagune argirik sortu eta ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. 88. minutuan Zaragoza jokalari bat gutxiagorekin geratu da; Cabrerak bigarren txartel horia ikusi du, eta egotzia izan da. Dena den, ez da gehiagorako denborarik egon eta puntu bakarra eskuratu dute gorritxoek.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Nauzet; Oier, Miguel Flaño, David García, Javier Flaño; Merino; Olavide (Pucko, 46. min), Roberto Torres, Otegui (De las Cuevas, 55. min), Alex Berenguer; eta Urko Vera (Kenan Kodro, 75. min).

1 - Zaragoza: Manu Herrera; Campins, Guitian, Cabrera, Rico; Javi Ros, Erik Moran, Culio; Lanzarote (Dongou, 75. min), Angel (Ruben, 89. min) eta Pedro (Sergio Gil, 63. min).

Golak: 0-1, 42. min: Lanzarote. 1-1, 47. min: David Garcia.

Epailea: Eiriz Mata.

ng> Eiriz Mata.