Osasuna
Bederatzi falta direnean
Osasuna: Hiru partidako abantaila
Asier Legarda
Taxoare
Almeriaren aurka lortu garaipenari esker, bederatzi puntura ditu jaitsiera postuak Osasunak.
Sasoia amaitzeko bederatzi jardunaldiren faltan Osasunak hiru partidako aldea dauka jaitsiera postuetan puntu gehien dituen Teneriferekiko. Zazpi partida garaipenik lortu ezinda egin ostean jaitsieraren mamuak agertzen hasiak ziren Iruñean, baina Almeriaren aurka hiru puntuak lortuta, lasaitu ederra hartu dute gorritxoek.
"Orain beste era batetara prestatu dezakegu hurrengo norgehiagoka, lasaitasun apur bat gehiago izango baitugu. Azken unea arte sufritu behar izan genuen, baina azkenean hiru puntuak lortzen diren bitartean, sufritu behar bada sufrituko dugu. Jaitsiera postuekiko bederatzi puntuko aldea daukagu, egoera onean gaude eta ea orain bolada on bat hasten dugun, bolada txarra igaro baitugu, eta nahiko luzea izan da gainera", esan du gaur Osasunako golegile nagusiak, Walter Pandianik, Almeriaren aurka denboraldiko zortzigarren gola egin ostean.