Itxi

Osasuna

Nafarren lan bikaina

Real Madril-Osasuna (3-2): Azken minutuetan erabaki dute zuriek

Sara Lavado

Erredakzioa

Hasieratik aurre egin zioten gorritxoek Pellegriniren talderi eta markagailuan birritan aurreratu zen, baina 88. minutuan Cristiano Ronaldok sartutako golak garaipena eman zion Real Madrili.

Osasunak porrot mingarria jaso zuen Real Madrilen aurka (3-2). Lan bikaina eta partida serioa egin zuten Camachorenek, baina ez zuten saririk izan.


Carlos Arandak 7. minutuan lortutako golak mutu utzi zituen Santiago Bernabeuko zaleak. Albiolek gaizki utzi zion baloia Iker Casillasi eta Malagako aurrelariak egoera baliatu eta atezain zuria driblatu ondoren gola lortu zuen. 13. minutuan Cristiano Ronaldoren burukada oso gutxigatik kanpora joan zen. Pellegriniren gizonak erasoan ari ziren uneoro. Eta horrela, 24. minutuan, Ronaldok berak 1-1ekoa sartu zuen, gol polita.

Madrildarrena zen baloiaren jabetza, baina talde nafarrak ez zuen bigarren gol bat sartzeari uko egiten. Atsedenaldira heltzeko bost minutaren faltan erotu zen norgehiagoka. Osasunak aurrea hartu zuen berriro ere Vadoczen golarekin eta Marcelok binakoarena erdietsi zuen buruz Graneroren erdiraketa aprobetxatuta (43.a zen).

Gogotsu zelairatu zen Madril bigarren zatian. Dena den, aukera paregabea izan zuen 60. minutuan Camachoren taldeak. Birritan errematatu zuen Carlos Arandak madrildarren area barruan. Casillasek saihestu zuen gola aurrenekoan eta ondoren gora joan zen. Eta hutsegite ikaragarria egin zuen Masoudek 66. minutuan! Bakarrik zegoen Casillasen atearen aurrean eta baloia kanpora bidali zuen. Pasea Vadoczena izan zen eta irandarrak ez zuen asmatu.

Ricardoren lana azpimarratzekoa izan zen, Osasunan onenetariko bat. Ez zuen ematen Real Madrilek hirugarrena sartzeko bidea topatuko duenik, baina Cristiano Ronaldok garaipenaren gola sartu zuen 88.ean Higuainen erdiraketa ona baliatuta. Mingarria.

Fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Casillas; Arbeloa, Sergio Ramos, Raúl Albiol, Marcelo; Gago (Juanfran, 85''), Xabi Alonso, Granero (Guti, 58''); Kaka (Benzema, 67''); Cristiano Ronaldo eta Higuain.

2 - Osasuna: Ricardo; Azpilicueta, Roversio (Flaño, 68''), Sergio, Monreal; Ruper, Nekounam; Juanfran (Masoud, 61''), Vadocz, Camuñas; eta Aranda (Calleja, 75'').

Golak:

0-1, 7'': Aranda.

1-1, 25'': Cristiano Ronaldo.

1-2, 42'': Vadocz.

2-2, 44'': Marcelo.

3-2, 89'': Cristiano Ronaldo.