Itxi

Osasuna

Cornella el Prat futbol zelaia

Espanyol-Osasuna (1-0): Nafarrek ez dute punturik lortu

J.B.

Erredakzioa

Lolo, lehen zatiko 20. minutuan kanporatu izan da, bigarren txartel horia ikusi duelako eta Osasunak 70 minutu jokatu behar izan ditu 10 jokalarirekin. Alvaro Vazquezek lortu du 1-0ekoa 24. minutuan.

Osasunak ezin izan du Espanyol gainditu, partidako 70 minutu 10 jokalarirekin jokatu ostean. Lolok bigarren txartel horia ikusi du lehen zatiko 21. minutuan eta Iruñeko taldea behera etorri da. Alvarok 1-0ekoa lortu du 24. minutuan eta Camachok aldaketa asko egin behar izan ditu taldea egonkortzeko. Bigarren zatian bi taldeek izan dituzte aukera anitz gol gehiago sartzeko.

Nafarrek ondo hasi dute partida, jokoaren erritmoa kontrolatzen eta Kameniren atera erraztasunez heltzen. Pandianik aukera ona izan du norgehiagokaren 5. minutuan, baina bere burukada gutxigatik kanpora joan da. Etxekoak pixkanaka partidan sartzen joan dira eta baloiaren jabetza eskuratu dute. Ricardoren ate ingurura arriskuz heltzen hasi dira zuri-urdinak baina atezain gorritxoak ez du arazo handirik izan. Lolok bigarren txartel horia ikusi du lehen zatiko 21. minutuan eta Osasuna 10 jokalarirekin gelditu da. Atzelari gorritxoak hiru minutu lehenago ikusi zuen lehen txartel horia eta Ramirez Dominguez epaileak zalantzarik gabe atera dio bigarrena.

Kanporaketaren ondorioz, etxekoak gora etorri dira eta Alvaro Vazquezek 1-0ekoa lortu du 24. minutuan. Aurrelari gazteak (19 urte) arazorik gabe gainditu du Ricardo jaurtiketa eder batekin. Camachoren mutilek ez dute tokia aurkitu 1-0ekoaren ostean, eta, hori dela eta, Osasunako entrenatzaileak bi aldaketa egin ditu lehen zatia bukatu baino lehen. Ruper eta Josetxo, Aranda eta Juanfranen ordez sartu dira eta atsedenaldira joan dira bi taldeak.

Bigarren zatian Iruñeko taldea hobeto kokatu da zelaian, nahiz eta 10ekin jokatu, eta Espanyol atzean sartzea lortu du. Osasunak aukera onak izan ditu estrategiako jokaldietan, baina Camachoren mutilek ez dute zortea izan. Kameni eta defentsa zuri-urdina sendo ibili dira bigarren zati osoan eta aurrelari nafarrek ezin izan dute berdinketaren gola lortu. Katalanek ere aukera anitz izan dituzte, baina Ricardo bikain egon da jaurtiketa guztiak desbideratuz.

Ruperrek gorritxoen aukerarik onena izan du 81. minutuan, baina bere zartakoa kanpora joan da, Kameniren atetik oso hurbil. Jose Antonio Camachoren mutilek ez dute etsi azken minutua arte baina gaurkoan ez dute zorte onik izan.

- Fitxa teknikoa:

1 - Espanyol: Kameni; Chica, Amat (David López, min. 89), Víctor Ruiz, Dídac; Javi Marquez, Duscher (Molina, min. 58); Luis Garcia, Verdu, Callejon eta Alvaro Vazquez (Osvaldo, min. 75).

0 - Osasuna: Ricardo; Damia, Lolo, Miguel Flaño, Monreal; Puñal, Soriano; Juanfran (Josetxo, min. 32), Camuñas, Pandiani (Lekic, min. 85) y Aranda (Ruper, min. 32).

Gola: 1-0, min. 25: Alvaro Vazquez.