Itxi

Osasuna

Mestallan

Valentzia-Osasuna (3-3): Puntu garrantzitsua

Josu Bilbao

Erredakzioa

Nafarrek akats gehiegi egin dituzte defentsan lehen zatian eta atsedenaldira 3-1 atzetik joan dira. Bigarren zatian gorritxoak nagusi izan dira eta Arandak berdinketa lortu du 87. minutuan.

Camachoren mutilek urrezko puntua lortu dute Emeriren Valentziaren etxean. Gorritxoek akats galantak egin dituzte lehen zatian eta 3-1 galtzen joan dira atsedenaldira. Hala ere, bigarren zati aparta jokatu du Osasunak eta Miguel Flañok 3-2koa lortu du Cesarren huts egite baten ondorioz. 3-3koa Arandak jarri du bigarren zatiko 42. minutuan.

Nafarrek ondo hasi dute norgehiagoka erasoan, valentziarrak goian sakatu dituztelako eta baloiak zelai erdian berreskuratu dituztelako. Hala ere, gorritxoak gaizki ibili dira defentsan eta akats larriak egin dituzte. Ricardok 1-0ekoa ekidin du geldiketa bikain batez eta etxekoak erasoan sakatzen jaraitu dute. Roberto Soldadok lehen zatiko 24. minutuan 1-0ekoa lortu du Mataren erdiraketa eder baten ondorioz. Iruñeko taldeak azul jarraitu du defentsan eta Stankeviciusek korner erdiraketa bat aprobetxatu egin du 32. minutuan 2-0ekoa jartzeko markagailuan.

Camachoren mutilak atzean sartu dira 2-0ekoarekin, baina Juanfranek gorritxoen gola lortu du burukada batekin 40. minutuan. Bi minutu geroago Aritz Adurizek 3-1koa lortu du korner bat ezin hobeto aprobetxatuz, nafarren beste huts egite larri batean.

Bigarren zatian Iruñeko taldeak gehiago sakatu du aurrean eta Arandak eta Juanfranek gol aukerak sortu dituzte eskuin hegaletik. Valentziaren defentsa akatsak egiten hasi da eta gorritxoak partidan sartzen joan dira pixkanaka. Norgehiagokaren 60. minutuan Miguel Flaño 3-2koa jarri du Cesar atezainaren huts egite larri baten ostean. Golarekin Osasuna gora etorri da eta zalantza sortu du etxekoen artean.

Partidako 67. minutuan Ricardok beste geldiketa erabakigarri bat egin dio Soldadori eta norgehiagokak bizitasuna hartu du joan etorriekin. Bigarren zatiko 33. minutuan Lekicek markagailua berdintzeko aukera paregabea izan du, baina bere burukadak bi zutoinak jo ditu eta desbideratuta joan da. Azken minutuetan nafarrek berdinketa nola edo hala bilatu dute eta Arandak lortu du 3-3koa bigarren zatiko 42. minutuan. Aurrelariak zetorkion bezala jo du baloia eta Cesarrek ezin izan du zartakoa gelditu. Azkenean osasunak urrezko puntua lortu du Mestalla bezalako zelai konplikatu batetik.