Itxi

Osasuna

Valladoliden aurka galdu du

Osasunak ez du igoera playoffa jokatuko

eitb.eus

Talde gorritxoak 2-0 galdu du Jose Zorrilla zelaian eta ez du jokatuko Lehen Mailara igotzeko fasea.

  • Osasuna. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak, Valladoliden aurka galdu ostean. Argazkia: EFE

Osasuna Lehen Mailara igotzeko fasea jokatzeko aukerarik gabe geratu da Bigarren Mailako 42. eta azken jardunaldian Valladoliden aurka 2-0eko emaitzarekin galdu ostean.

Norgehiagoka hasi eta lasterrean, 2. minutuan, lehen abagunea izan du Valladolidek, baina Moyanoren errematea gora joan da. Etxeko taldea izan da baloiaren jabe eta saiakerak egin ditu area kanpoko jaurtiketen bitartez. Osasuna, aldiz, ezinean ibili da. Neurketako lehen minutuak abagune gutxikoak izan dira. Partidako 30. minutuan, ordea, Pablo Herviasek 1-0ekoa sartu du faltaz eta aurretik jarri du Valladolid. Osasuna ez da gai izan erreakzionatzeko gola hartu ostean eta lehen zati guztian ez du abagunerik sortu.

Atsedenaldiaren ostean, 50. minutuan, neurketa guztiko lehen abagunea sortu du Osasunak; Xiscoren errematea, ordea, kanpora joan da, zutoina urratuta. Hala ere, 10 minutu beranduago, Lillok penaltia egin dio Jaime Matari, bigarren txartel horia ikusi du, eta jokalari bat gutxiagorekin geratu da talde gorritxoa. Matak jaurti du penaltia eta 2-0koa sartu du. Bigarren golak min egin dio Osasunari eta Valladolidek hirugarrena sartzeko abagune argia izan du; Oscar Planok, ordea, kanpora bidali du erremate erraz bat. Jarraian etorri da Osasunaren erantzuna, baina Daviden errematea atezainak desbideratu du kornerrera, erantzun on batekin. Kornerrean, Unai Garciaren errematea kanpora joan da. Azken minutuetan, maldan gora izan du neurketa Osasunak eta ezin izan du punturik lortu Jose Zorrilla estadioan. Ondorioz, talde gorritxoak ez du jokatuko igoera playoffa.

Fitxa teknikoa:

2 - Real Valladolid: Masip; Moyano, Calero, Kiko Olivas, Nacho; Hervias (Gianniotas, m.85), Míchel, Borja Fernández, Toni Villa (Ontiveros, m.71); Oscar Plano (Anuar, m.79) eta Mata.

0 - Club Atletico Osasuna: Manu Herrera; Lillo, Miguel Flaño (De las Cuevas, m.82), Unai Garcia, Oier; Lucas Torró (David Rodriguez, m.71); Rober Ibañez, Borja Lasso (Roberto Torres, m.59), Fran Merida, Quique; Xisco.

Golak: 1-0, m.31: Hervias. 2-0, m.62: Mata, de penalti.

Epailea: Vicandi Garrido. Txartel horiak atera dizkie Valladolideko Michel (m.35), Borja (m.63), Mata (m.90+), jokalariei; eta Osasunako Fran Merida (m.30), Xisco (m.43), Lillo (m.58 y 61 -roja-), Manu Herrera (m.62), Oier (m.63) jokalariei.