Itxi

Osasuna

Almeriari irabazita (3-1)

Osasunak denboraldiko lehen garaipena lortu du

Erredakzioa

Gorritxoek 3-1 irabazi diote Almeriari, Sadarren. Villarrek, Ruben Garciak eta Kike Barjak sartu dituzte talde nafarraren golak; Alvaro Jimenezek, talde andaluziarrarena.

  • Osasuna - Almeria (3-1). Argazkia: CA Osasuna

    Osasuna - Almeria (3-1). Argazkia: CA Osasuna

Osasunak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Almeriari 3-1 irabazita, Bigarren Mailako 4. jardunaldiko partida. Ruben Garcia jokalaria izan da neurketako izarra, gol bat sartzeaz gain, talde gorritxoak sartu dituen beste bi goletan ere parte hartu baitu.

Lehen zatia irekia izan da, erritmo bizikoa, eta Osasunak aurrea hartu du 14. minutuan Juan Villarrek sartu duen golari esker (1-0). Ruben Garciak hasi du jokaldia, Nacho Vidalek erdiraketa egin, eta Villarrek sare barrura bidali du errematea. Pozak, ordea, ez dio asko iraun Osasunari, Almeriak lehia azkar berdindu baitu (1-1) Alvaro Jimenezek sartutako golarekin.

Bigarren zatiko lehen minutuetan Almeriak bi abagune argi izan ditu bigarren gola sartzeko, baina Andaluziako taldeak ez du aurkariaren ate aurrean asmatu, eta 63. minutuan epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi du Andoni Lopezek eskuarekin moztu baitu jokaldia area barruan. Ruben Garciak jaurti du penaltia, eta 2-1ekoa jarri du markagailuan. Bigarren gola sartu eta lau minutu beranduago (68. min), gorritxoek hirugarren gola sartu dute Kike Barjaren bitartez (3-1).

Azken minutuetan saiatu da Almeria aldeak murrizten. Juan Carlosen eta Saveljichen bitartez saiatu dira, baina Osasunak ez du estutasun handirik pasatu garaipenari eusteko.

Fitxa teknikoa:

3 - Osasuna: Ruben; Nacho Vidal, Unai Garcia, Aridane, Clerc; Oier, Iñigo Perez; Juan Villar (Kike Barja, 55. min), Ruben Garcia, Brandon (Lillo, 71. min); eta Xisco (David Rodriguez, 78. min).

1 - Almeria: Rene; Romera (Chema, 74. min), Saveljich, Trujillo, Andoni Lopez; Arzura (Narvaez, 69. min), Aguza (De la Hoz, 58. min); Jose Corpas, Juan Carlos, Luis Rioja; eta Alvaro Gimenez.

Golak: 1-0, 14. min: Juan Villar. 1-1, 16. min: Alvaro Gimenez. 2-1, 65. min: Ruben Garcia, penaltiz. 3-1, 69. min: Kike Barja.

Epailea: Perez Pallas. Txartel horiak atera dizkie Osasunako Aridaneri (37. min), eta Almeriako Trujillori (60. min).