Itxi

Osasuna

BBVA Liga

Osasuna-Atletico Madril, (2-3): Ikuskizun bikaina baina porrota

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Nafarrek sartu dute lehen gola Kike Solaren bitartez. Ondoren Diego Costaren hat-trickarekin markagailua irauli dute madrildarrek. Nekounamek aldeak murriztu ditu, baina ez da nahikoa izan.

Osasunak eta Atletico Madrilek ikuskizun bikaina eskaini zuten Reyno de Navarran. Garaipena, ordea, talde madrildarrak lortu zuen 2-3ko emaitzarekin.

Partida erritmo biziarekin hasi zen eta bi taldeak aukerak sortzen hasi ziren. Gol aukera onena, Osasunak izan zuen, baina De Geak geldiketa bikoitza eginda gorritxoen lehen gola eragotzi zuen. Lehenik Cejudoren jaurtiketari erantzun bikaina eman zion eta ondoren Sorianoren errematea ere desbideratu zuen. Osasuna ekin eta ekin aritu zen. Ondorioz, Mendilibarren taldeak saria jaso zuen 31. minutuan. Kike Solak 1-0ekoa sartu zuen nafarrentzat. Mendilabarren taldea ondo jokatzen ari zen, baina momentu onenean zeudenean Atletico Madrilek partida berdindu zuen Diego Costaren gol baten bitartez. Madrildarren gola 38. minutuan iritsi zen eta lehen zatia 1-1eko berdinketarekin bukatu zen.

Bigarren zatian Atletico Madril gogoz eta abiaduraz jokatzen hasi zen eta Osasunak gehiago sofritu zuen nahiz eta bigarrena sartzeko aukerak izan zituzten gorritxoek ere. Norgehiagokako 61. minutuan Atletico Madrilek markagailua irauli zuen 1-2koa sartuta. Oraingoan ere Diego Costa izan zen golegilea. Min egin zion gol horrek Osasunari eta kontzentrazioa galdu zuten nafarrek eta bi minutu beranduago Diego Costak hat-tricka sartu zuen markagailuan 1-3koa jartzeko.

Gainera, 68. minutuan okerrago jarri zitzaizkion gauzak Osasunari. Monrealek area kanpoan falta egin zion Reyesi eta epaileak falta area barruan zela adierazi zuen. Hau da, berak bakarrik ikusi zuen penaltia adierazi zuen. Reyesek egin zuen jaurtiketa eta Ricardok penaltia geratu zuen. Geldiketak indarra eman zion Osasunari eta nafarrak aurrera jo zuten penaltiaren ondoren. Reyesek penaltia huts egin eta hamar minutu beranduago, Thiagok area barruan eskuarekin moztu zuen Nekounamen jaurtiketa eta epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi zuen. Nekounamenk berak egin zuen jaurtiketa eta aldeak murriztu zituen 2-3koa sartuta.

Berdinketa lortzeko esperantza zuen Osasunak bigarren gola sartu ostean, baina 84. minutuan Sergiok lanak zaildu zizkion bere taldeari. Erdiko defentsa gorritxoak burua galdu zuen eta Diego Costa jo zuen. Epaileak argi ikusi zuen jokaldia eta txartel gorria atera zion Sergiori. Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratu zen.

Nahiz eta azken minutuak hamar jokalarirekin jokatu zituen, Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak berdinketa lortzeko aukeraren bat izan zuen. Baina, punteria faltak eta De Gea atezainaren geldituek nafarren gola eragotzi zuten. Azkenean, Atletico Madril nagusitu zen 2-3ko emaitzarekin eta madrildarrak Europa Leagueko postuetan daude. Osasuna, ordea, 35 punturekin geratzen da eta jaitsiera postuak sei puntura dituzte.

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Ricardo; Nelson, Lolo, Sergio, Monreal; Puñal (Vadocz,m.66), Nekounam; Cejudo, Soriano (Masoud, m.75), Camuñas; eta Kike Sola (Lekic, m.84).

3 - Atletico Madril: De Gea; Ujfalusi, Perea, Godin, Antonio Lopez; Juanfran (Koke, m.82), Mario Suarez, Tiago, Raul Garcia; Reyes (Assunçao, m.89) eta Diego Costa.

Golak: 1-0, m.30: Kike Sola. 1-1, m.38: Diego Costa. 1-2, m.60: Diego Costa. 1-3, m.63: Diego Costa. 2-3, m.79: Nekounam, penaltiz.

Epailea: Fernandez Borbalan.