Itxi

Osasuna

Reyno de Navarran

Osasuna-Athletic (1-2): Athleticek buelta eman dio derbiari

Erredazkioa

Llorentek eta Muniainek sartu dituzte golak, Kike Solak gorritxoak aurreratu ostean. Bi taldeek hamar jokalarirekin amaitu dute partida.

Athleticek garaipena lortu du Osasunaren aurka, Reyno de Navarran, 1-2, Fernando Llorente eta Iker Muniainen golei Ester. Caparrosen gizonek Kike Solaren golari eman diote buelta; Cascantekoak gorritxoak aurreratu ditu markagailuan, 50. minutuan. Bi taldeek hamar jokalarirekin amaitu dute partida, epaileak Xabi Castillo eta Sergio kanporatu ondoren. Athleticen bigarren golak partidako azken minutuetan heldu da: Nelsonek eta Ricardok ez dute elkar ulertu, eta Muniainek trebetasun handiz jarri du baloia etxekoen atearen barruan.

Lehen zatia ez da ona izan, nahiz eta Osasuna hobeto moldatu den. Mendilibarren gizonek arrisku handiagoa sortu dute, Athleticek baino, nahiz eta erasoan aukera garbirik ez egon. Derbiari indartsu ekin diote bi taldeek; 2. minutuan, Monrealek eta Gurpegik talka egin dute, eta erdilari zurigorria aldagelara joan behar izan du, burlan mina hartu ostean. David Lopez irten da, bere ordez, baina errioxarrak, bere taldekideek bezala, ezin izan du Caparrosen taldearen eraso-jokoa bide onetik eraman.

Azpimarragarriena, lehen zatian, Javier Camuñasek egin du. 21. minutuan, jokaldi polita egin du, areatik kanpo, eta bere ezkerkada apur bat goitik irten da. Iraizozek, gero, ondo gelditu du Pandianiren jaurtiketa bat. Athleticen aldetik, arriskutsuena Llorenteren baloi bat izan da: aurrelaria atzera bota du buruz, eta Toquero oso gutxigatik ez da heldu errematera, Ricardoren aurrean.

Bigarren zatian gauza gehiago gertatu dira. Bosgarren minutuan, Kike Solak Caparrosen gizonen akats bat aprobetxatu du (zuri-gorriek ez dute baloia atera, falta batean), eta, buelta erdian, gol polita sartu du. Cascanteko aurrelariak, denboraldiko laugarren golarekin, gorritxoen alde jarri du partida; gainera, apur bat beranduago, epaileak Castillo kanporatu du, bigarren txartel horia erakutsita. Hor izan dute Mendilibarren gizonek partida erabakitzeko aukera; bigarren gola sartzear egon dira gorritxoak, baina eskuinaldetik heldutako baloiak zutoina jo du.

Bazirudien Athletic ez zela arriskua sortzeko gai, baina 68. minutuan, hegaletik egindako jokaldi eder batean, David Lopezek erdiratu du eta Llorentek, buruz, berdinketa jarri du markagailuan. Athleticen aurrelariaren golak min egin dio Osasunari, eta, azken txanpan, partidak berdinketarekin amaituko zelako itxura zuen. Bi minutu geratzen zirenean, dena den, Ricardo eta Nelsoren artean jazotako zorigaiztoko jokaldi batek Iker Muniani eman dio baloia; Txantreakoak, oso seguru, sareetara bidali du.

1-2koak bosgarren utzi du Athletic, Liga Europako postuan, baina Osasuna egoera kezkagarrian dago: jaitsiera postuak bi puntura daude.