Itxi

Osasuna

Larunbatean, 21:00etan

Osasunaren itzulera Lehen Mailara, Leganesen aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorritxoek denboraldiko aurreneko norgehiagokari ekingo diote Butarque zelaian; ez da edonolako partida izango, ordea, Lehen Mailako lehiaren zirrara berreskuratuko baitu Arrasateren taldeak.

  • Osasunako jokalariak De Graafschap-en aurka jokatutako lagunartekoan. Argazkia: C.A. Osasuna.

    Osasunako jokalariak De Graafschap-en aurka jokatutako lagunartekoan. Argazkia: C.A. Osasuna.

Osasunak Leganes izango du, aurrez aurre, Lehen Mailara egingo duen itzulera handian. Jagoba Arrasatek gidatutako taldeak lan borobila egin zuen aurreko denboraldian, maila goreneko postua erdietsiz. Aurtengoan, beraz, joko ausarta mantentzea eta mailari eustea izango du helburu.

Talde nafarrak asteazkenean burutu zuen jokalarien behin betiko zerrenda, eta oraindik ere, azken denboraldiko jokalarien eta azken fitxaketen arteko bateratze lanetan diharduen arren, lehen hitzorduari ekiteko prest da jada taldea.

Raul Navas eta Facundo Rocanglia ez dira deialdian izango, ezta Ruben Garcia ere, zeina pasadan denboraldian jokalari garrantzitsua izan zen arren, lesioak jota diharduen denboraldiaurre honetan.

Unai Garcia, Kike Barja eta Iñigo Perez jokalariak ere lesioak jota daude, eta hortaz, enigma hutsa da Jagoba Arrasatek Leganesen aurka deituko duen lehen hamaikakoaren zerrenda. Hala ere, jakin badakigu defentsan Nacho Vidal, David Garcia, Aridane eta Estupiñan izan ditzakela begiko.

Leganesek bestalde, Lehen Mailako bere laugarren denboraldiari ekingo dio eta mailari eustea izango du helburu nagusi aurtengoan ere. Besteak beste, jarraipena hizpide izango duen proiektua aurkeztu du taldeak.

Azpimarragarri dugu ere, Marc Navarro eta Roberto Rosales nor baino nor gehiago arituko direla, lehen hamaikakoan jokatzeko lehian. Fede Varela eta Alexander Szymanowski jokalariak bestalde, ez dira bertan izango.

Hamaikako posibleak:


Leganes: Cuellar; Marc Navarro, Bustinza, Rodrigo Tarin, Siovas, Jonathan Silva; Ruben Perez, Recio, Oscar Rodríguez; En-Nesyri eta Braithwaite.


Osasuna: Sergio Herrera edo Ruben; Nacho Vidal, David Garcia, Aridane, Estupiñan; Oier, Fran Merida, Darko; Roberto Torres, Chimy Avila eta Marc Cardona.


Epailea: Javier Alberola Rojas.


Zelaia: Butarque (21:00etan).