Itxi

Osasuna

11. JARDUNALDIA

Osasunak berdinketa lortu du Son Moixen, bi penaltiri aurre egin eta gero (2-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorritxoak bi aldiz egon dira atzetik markagailuan, baina Cardonaren eta Ruben Garciaren golek puntu bat eman diote Arrasataren taldeari.

  • Cardona Osasunaren lehen gola ospatzen.

    Cardona Osasunaren lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Mallorcak eta Osasunak berdindu egin dute (2-2) ostegun honetan, Son Moixen jokatutako lehian.

Gorritxoek, Marc Cardonari eta Ruben Garciari esker, birritan orekatu dituzte etxekoek penaltiz sartutako golak (Lago Junior eta Salva Sevilla).

Mallorcakoek zalantzekin ekin diote neurketari, baina uxatu egin dituzte minutuak aurrera egin ahala. Ordura arte neurketa oso parekatuta zihoan, baina 21. minutuan Roberto Torres berandu iritsi da bere area barruan jaberik gabe zegoen baloi batera, eta penaltia egin dio Dani Rodriguezi. Lago Juniorrek ez du barkatu hamaika metroetatik.

Markagailua alde izateak hauspoa eman die Mallorcako jokalariei, eta Son Moixek bere taldearen minuturik onenekin gozatu ahal izan du. Horren adierazle da Martin Valjent eslovakiarra bigarren gola egiteko zorian egon dela, baina bere burukadak langaren aurka jo du (25. min).

Bi minutu geroago, harmailek, jokalariek eta Mallorcako aulkiak penaltia eskatu dute, David Garciak Lago Juniorri egindako karga batengatik (27. min), baina epaileak ez du hala iritzi.

Osasunak arazoak zituen eta ez zuen konponbiderik aurkitzen. Hartara, ez da erasoko ekintzarik sortzeko gai izan lehen zatiko azken minutuetara arte, baina horietako bakar batek ere ez du benetako arriskurik sortu etxekoen atean.

Bigarren zatian, gorritxoek euren lerroak aurreratu dituzte berdinketaren bila. Arrasatek aulkia mugitu du (60. min) eta Fran Meridak Roberto Torresen lekua hartu du, erasoari bizitasun gehiago emateko.

Handik gutxira, Son Moixek zortzi minutu ero bizi izan ditu, 68. eta 76. minutuen artean. Lehenengo, Marc Cardonak berdinketa erdietsi du, bakarkako jokaldi bikain baten ostean. Gerora, Salva Sevillak aurretik jarri du berriro bere taldea penalti puntutik, Roncagliak area barruan baloia oso garbi eskuarekin ukitu eta gero.

Harmailetan oraindik ere Mallorcaren bigarren gola ospatzen ari zirela, Ruben Garciak mutu utzi du estadioa, buruz gol ikusgarria sartuta.

Partida berdinduta zegoen berriz ere, baina talde biek garaipena nahi zuten, eta horren bila jardun dute. Zeregin horretan, baina, aukera gehiago sortu ditu Arrasateren taldeak, Marc Cardonak gertu izan baitu 2-3koa, bakarkako beste jokaldi batean, baina ez da lehendabizikoan bezain fin ibili.

Azkenean, talde biek ontzat eman duten berdinketarekin amaitu den norgehiagoka.

Fitxa teknikoa:

2-Mallorca: Reina, Fran Gamez, Valjent, Raillo, Lumor, Febas (Trajkovski, 76. min), Baba, Salva Sevilla, Dani Rodríguez (Abdón Prats, 80. min); Lago Junior (Salibur, 63. min), Budimir.

2-Osasuna: Ruben, Roncaglia, Aridane, Garcia, Estupiñan, Torres (Fran Merida, 60. min), Moncayola, Brasanac, Ruben, Cardona (Chimy Avila, 87. min), Brandon (Luis Perea, 77. min).

Golak: 1-0, 21. min: Lago Junior, penaltiz. 1-1, 68. min: Cardona. 74. min: Salva Sevilla, penaltiz. 2-2, 76. min: Ruben Garcia.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Baba (Mallorca); Brandon, Estupiñan, Garcia eta Aridane (Osasuna).