Itxi

Osasuna

0-0

Osasunak puntu bat lortu du Getaferen aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak golik gabe berdindu du Getaferekin Alfonso Perez Coliseumen jokatu duen Ligako 13. jardunaldiko partida.

  • Cucurella eta Nacho Vidal. Argazkia: EFE

    Cucurella eta Nacho Vidal, Getafe - Osasuna partidan. Argazkia: EFE

Osasunak golik gabe berdinduta bukatu du Getaferen aurka jokatu duen Santander Ligako 13. jardunaldiko partida, eta sailkapeneko 10. postuan iritsiko da Ligako etenaldira, 19 punturekin.

Getafek izan du norgehiagokako lehen abagunea 3. minutuan, baina Ruben atezainak eragotzi du gola, Maksimovicen jaurtiketa desbideratuta. 11. minutuan, Jasonek bere burua zelaira bota du Osasunaren area barruan, eta etxeko taldeak penaltia eskatu du, baina epaileak ez du ezer adierazi, Getafeko jokalariari ez baitiote faltarik egin. Bost minutu geroago, 16. minutuan, Ruben Osasunako atezainak eta Angel Getafeko aurrelariak talka egin dute, eta Rubenek ezin izan du jokatzen jarraitu; ondorioz, Jagoba Arrasate entrenatzaileak Sergio Herrera ordezko atezaina atera behar izan du. Talde gorritxoaren lehen abagunea 20. minutuan etorri da, Roberto Torresek langa gainetik bota duen jaurtiketa baten bitartez. Geroago, Getafek beste penalti bat eskatu du, baina VAR sistema kontsultatu ostean, epaileak jarraitzeko agindua eman du. Atsedenaldira iritsi orduko, talde bakoitzak gol aukera bat izan du: Cardonak pase luze bat jaso du, eta arearantz hurbildu da, baina kontrolak ihes egin dio Osasunako aurrelariari, eta Getafek aukera izan du Kenedyren bitartez, baina jaurtiketa desbideratuta atera zaio.

Bigarren zatia bizi hasi da, eta Osasunak eman du lehen abisua; Nacho Vidal, ordea, erori egin da Getafeko atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Azkar erantzun du Getafek, Angelen jaurtiketa batekin; oso gutxigatik joan da kanpora. Ondoren, abagunerik gabeko minutuak etorri dira, eta, 65. minutuan, David Garciaren erremate ona Soria atezainak gelditu du, talde gorritxoaren gola eragotzita.

Partidako azken txanpan, sufritu egin behar izan du Osasunak, aurkaria nagusi izan baita eta abagune onak izan baititu. Jorge Molinak zutoinera bidali du errematea 79. minutuan, Nafarroako taldearen zorionerako. Minutu batzuk geroago, Sergio Herrera atezainak Madrilgo taldearen gola eragotzi du, Arambarriren jaurtiketa bat desbideratuta. Neurketako 90. minutuan ere, Herrera atezaina izan da protagonista, berriro, erantzun ezin hobea eman baitio Arambarriren beste jaurtiketa bati, eta Getaferen gola eragotzi du beste behin. Amaieran, golik gabeko berdinketarekin bukatu dute Getafek eta Osasunak partida.

Fitxa teknikoa:

0.- Getafe: Soria; Nyom, Djene, Cabrera, Cucurella; Jason (Jaime Mata, 74. min), Arambarri, Maksimovic, Kenedy (Portillo, 81. min); Jorge Molina (Enric Gallego, 85. min) eta Angel.

0.- Osasuna: Ruben (Sergio Herrera, 16. min); Roncaglia, Aridane, David García, Estupiñan; Vidal (Brandon, 58. min); Roberto Torres, Oier, Brasanac, Ruben Garcia; eta Marc Cardona (Fran Merida, 82. min).

Epailea: Cesar Soto Grado.Txartel horiak atera dizkie Nacho Vidal (50. min), Ruben Garcia (75. min), Brandon (76. min) eta Oier (83. min) Osasunako jokalariei, baita Jorge Molina (81. min) eta Nyom (90. min) Getafeko futbolariei.