Itxi

Osasuna

ERREGE KOPA

Osasunak luzapena behar izan du Recreativo Huelva kaleratzeko (2-3)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñigo Perezek luzapeneko bigarren zatian sartutako golak sailkapena eman die gorritxoei bi golez galtzen joan eta gero.

  • Roncaglia aurkari batekin baloi baten lehian.

    Roncaglia aurkari batekin baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Osasunak Errege Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu du astearte honetan Recreativo Huelvaren aurka, eta txapelketan aurrera egitea lortu du 2-0 galtzen joan eta gero (2-3).

Gorritxoek lehen zati kaskarra jokatu dute, eta arazo ugari izan dituzte geldikako jokaldiak defendatzeko. Hain zuzen ere, era horretan heldu dira etxekoen bi golak. Lehendabizikoa 13. minutuan iritsi da. Etxekoek korner bat atera dute, eta zenbait alderatzeren ondoren Morcillo atzelariari heldu zaio baloia, eta hark sareetara bultzatu baino ez du egin behar izan.

Osasunak erreakzionatu eta Recre estutu du, Cardona eta Torres izanik jokalaririk aktiboenak, baina minutu horietako aukerarik arriskutsuena Iñigo Perezek langaren gainetik egindako jaurtiketa bat izan da.

Alabaina, etxekoek egoera gainditzeko gai izateaz gain, bigarren gola erdietsi dute lehen zatia amaitzeko zorian zegoela, atera duten beste korner batean.

Zorigaiztoko jokaldia suertatu da nafarrentzat; izan ere, Juan Perez gorritxoen atezain gazteak ez du asmatu baloia esku artean harrapatzeko garaian. Ondoren, Unai Garciak, arriskua urrundu nahi zuenean, Roncaglia taldekidearen gorputzaren aurka bidali du baloia, eta, zoritxarrez, ate barruan sartu da baloia errebotearen indarrarekin.

Bigarren zatian, Arrasateren mutilek aldarte hobea azaldu dute, batez ere Berriatuko entrenatzaileak aldaketa hirukoitza egin duenean, Nacho Vidal, Brasanac eta Chimy Avila zelairatuta, eta horrek eragin nabaria izan du jokoan.

Osasunaren jokoa hazten ari zen minutuak aurrera egin ahala, baina Recreativok kontraerasoan 3-0ekoa egin ahal izan du Isi Rosen lasterraldi batean.

Aitzitik, kanporaketa guztiz erabakita egotetik neurketa estu-estu egotera igaro da, amaierarako ordu laurden falta zenean, Brasanac serbiarrak 2-1ekoa sartu baitu burukada ikusgarri batekin. Gero, Avilak berdinketa lortzeko aukera izan du, baina bere ahalegina defentsa batek aldendu du.

Marc Cardonak aurrelariak ere abagune bikoitza izan du Alex Lazaroren aurrean, baina area txikian egindako bi erremateak gelditu ditu etxekoen atezainak. Talde gorritxoa bigarren golaren bila zihoan, Recre atzean sartuta eta estutasun asko pairatzen ari zen bitartean.

Hala, amaierarako zazpi minuturen faltan, Chimy Avilak neurketa luzapenera eraman duen 2-2koa lortu du. Argentinarrak Morcillori falta egin diola eskatu dute etxekoek, eta hala zirudien, baina epaileak ez du halakorik adierazi.

Luzapenean, talde nafarrak dinamika berdinarekin jarraitu du. Recre, ordea, sufritzen ari zen, nahiz eta bere zaleen babesarekin luzapenaren lehen zatiari eutsi dion. Alabaina, bigarrenean Iñigo Perezen gola etorri da, markagailua guztiz irauli eta nafarrei sailkapena eman diena.

Fitxa teknikoa:

2 – Recreativo Huelva: Alex Lazaro, Cera, Borja Garcia, Morcillo, Diego Jimenez; Ponce; Isi Ros (Chuli, 76. min), Quique Rivero, Victor Barroso (Leandro, 83. min), Irizo (Fran, 67. min) eta Alberto Quiles (Gerard Verge, 97. min).

3 - Osasuna: Juan Perez, Zabarte (Nacho Vidal, 65. min), Unai Garcia, Roncaglia, Estupiñan, Rober Ibañez (Darko Brasanac, 65. min), Moncayola, Roberto Torres, Iñigo Perez, Cardona (Kike Barja, 105. min) eta Juan Villar (Chimy Avila, 65. min).

Golak: 1-0, 12. min: Morcillo. 2-0, 45. min: Roncaglia (bere atean). 2-1, 76. min: Darko Brasanac. 2-2, 84. min: Chimy Avila. 2-3, 110. min: Iñigo Perez.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Quique Rivero, Chuli, Gerard Verge eta Cera (Recreativo); Chimy Avila, Moncayola eta Cardona (Osasuna).