Itxi

Osasuna

21. JARDUNALDIA

Osasunak Levante garaitu du, baina Chimy Avilak lesio larria izan dezake (2-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurrelari argentinarrak ohatilan utzi behar izan du zelaia, ezker belauna mindu eta gero.

  • Osasunako jokalariak lehen gola ospatzen.

    Osasunako jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena lortu du berriro Liga txapelketan hilabete eta erdi geroago Levanteri 2-0 irabazi ostean. Gorritxoen golak neurketako azken hamar minutuetan heldu dira, Ruben Garciaren eta Iñigo Perezen eskutik. Horrenbestez, 28 puntu bildu dituzte dagoeneko, eta gero eta gertuago dute Lehen Mailari eusteko helburu nagusia.

Dena den, Nafarroako taldeak bere jokalaririk erabakigarrienetako bat galdu du: Chimy Avila, hain zuzen ere. Argentinarrak ohatilan utzi behar izan du zelaia neurketak ordubetea bete duenean, ezker belaunean min handia zeukala. Aurrelaria bera bakarrik lesionatu da, aurkari bat presionatzen ari zela.

Norgehiagoka hutsean berdinduta zegoen une horretan, eta hala bukatuko zela zirudien, Levante ondo ari baitzen defentsa lanetan. Alabaina, Jagoba Arrasateren taldeak hiru puntuak eskuratzeko parada izan du bere zaleen gozamenerako eta VARa dela medio.

Osasunak korner bat atera du, Valentziako atzelariek arazorik gabe aldendu dutena. Aitzitik, baloia areatik kanpo ateratzen ari zela, Campañak enbarazu egin dio Brasanaci bere sorbaldarekin, baita jokalari gorritxoa jo ere.

Hasiera batean, epailea ez da egoeraz ohartu, akatsak ohartarazi dute, eta jokaldia gainbegiratzera hurbildu da bideoarbitrajearen gunera. Ondoren, ez du zalantza askorik izan penaltia adierazteko.

Ruben Garciak hartu du hura botatzeko ardura, eta ez du hutsik egin ate erditik zuzendu duen jaurtiketa bortitzarekin (81. minutua). Denboraldi honetako seigarren gola du aurrelari gorritxoak.

2-0ekoa Iñigo Perezek egin du hiru minutu geroago. Marc Cardonak gogotsu egin du barneraldia eskuin hegaletik, eta area erdian jarri du baloia, erdilariari aukera-aukeran heldu zaiona. Aitor Fernandezek ezin izan du ezertxo ere egin bigarren lerrotik heldu den iruinxemearen zartako gogorra geldiarazteko.

Hortik amaierara arte, Paco Lopezen taldea saiatu da, baina markagailua ez da mugitu.

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan, Roberto Torres (Iñigo Perez, 69. min), Brasanac, Moncayola, Ruben Garcia, Adrian (Cardona, 69. min), Chimy Avila (Rober Ibañez, 57. min).

0 – Levante: Aitor, Vezo, Postigo, Cabaca (Hernani, 87. min), Toño, Miramon, Campaña, Melero (Vukcevic, 78. min), Rochina, Mayoral (Morales, 72. min), Roger.

Golak: 1-0, 81. min: Ruben Garcia, penaltiz. 2-0, 84. min: Iñigo Perez.

Epailea: Soto Grado. Txartel horiak: Rober Ibañez, Brasanac eta David Garcia (Osasuna); Vukcevic, Campaña eta Rochina (Levante).