Osasuna
Igandean, 12:00etan
Osasunak Granadaren aurkako porrota ahaztu nahi du, Sevillan emaitza ona lortuz
Agentziak | Erredakzioa
Lopeteguiren taldeak etxean jokatutako azken hiru partidak berdindu ditu eta garaipena nahi du Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzeko.
-
Osasuna-Sevilla, lehen itzuliko partdiare irudia, egun lesionatuta dagoen Chimy Avilarekin. Efe.
Osasunak Sevillari bisita egingo dio igandean, Lehen Mailan jarraitzeko helburuan beste pauso bat emateko. Azken entrenamenduaren ostean, Jagoba Arrasatek esan zuen Sanchez Pizjuanen Osasunak "hamaika jokalariko defentsa" beharko duela "goitik defendatzen hasteko".
Nafarrek iragan astean Granadaren aurka, Sadarren, emandako irudi txarra ahaztarazi nahi dute (0-3). Orduan intentsitate falta agertu zuten nafarrek.
Jagoba Arrasaterentzat Sevillaren aurkako partida "aukera" bat da "denboraldi oso ona egiten ari den aurkari baten aurka" puntuak lortzeko. Hala ere, andaluziarrak estu eta larri ibili dira Errumaniako Cluj taldearen aurka Europan aurrera egiteko.
Granadaren aurka ikusitakoa ez zitzaion batere gustatu Arrasateri, eta, partidaren osteko prentsaurrekoan esan zuenez, zenbait momentutan bere jokalariak “erlaxatuta” ikusi zituen.
Sevilla bosgarren da orain LaLigan Realak ostiralean lortutako garaipenaren ostean, eta etxean jokatutako azken hiru partidak berdindu ditu (1-1 Alavesekin, 2-2 Espanyolekin eta 0-0 Europan Cluj taldearekin). Ondorioz, Julen Lopeteguiren taldeak garaipena nahi du Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzeko eta aurreko jardunaldian Getafen lortutako garaipen handiari (0-3) jarraipena emateko.
Ustezko hamaikakoak:
Sevilla: Bono; Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos, Reguilón; Fernando, Gudelj, Óliver Torres; Ocampos, De Jong, Suso edo Nolito.
Osasuna: S. Herrera; Roncaglia, Unai García, Aridane, Estupiñán; Roberto Torres, Darko, Oier, Íñigo Pérez; Rubén García, Arnaiz.
Epailea: Carlos del Cerro Grande (Madrileko batzordekoa).
Estadioa: Ramon Sanchez Pizjuan.
Ordua: 12:00etan.