Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak bana berdindu du Huescaren aurka, galtzen hasi ostean

eitb.eus

Talde gorritxoak puntu bat eskuratu du Sadarren jokatu duen Ligako 10. jardunaldiko partidan. Sandrok sartu du Huescaren gola eta David Garciak Osasunarena.

0
Osasuna – Huesca partidako laburpena eta gol guztiak

Osasunak bana berdindu du Huescaren aurka (1-1) Sadarren jokatu duen Santander Ligako 10. Jardunaldiko partida. Talde gorritxoak sailkapenaren erdialdean jarraitzen du, 11 punturekin.

Neurketaren hasieran Huesca izan da nagusi, eta seigarren minutuan aurrea hartu du; Sandrok kontraerasoa gidatu,  Rafa Mirren erdiraketa Sergio Herrera atezainak desbideratu du, eta Sandrok  gola sartu du (0-1) aldaratzeaz baliatuta. Osasuna ezinean ibili da, eta ez du arriskurik sortu aurkariaren ate inguruan. Huescak, ordea, estutasunetan jarri du talde gorritxoa zenbait aldiz. Partidako 17. minutuan Roncagliak huts egin du Sergio Herrera atezainari pasea ematerakoan, eta Mirrek ez du gola sartu oso gutxigatik. Nafarroako taldeko jokalariek defentsan egin duten beste huts baten ostean, Rafa Mirrek bigarren gola sartzeko aukera izan du 35. minutuan; lehen errematea Andres Fernandez atezainak desbideratu du, eta aldaratzea kanpora bota du Huescako aurrelariak. Bi minutu beranduago, Sergio Herrerak Huescaren gola eragotzi du, Sandroren jaurtiketa desbideratuta.

Atsedenaldiaren ostean hobetu egin du Osasunak. Jagoba Arrasate entrenatzaileak Enric Gallego eta Moncayola zelairatu ditu Roberto Torresen eta Juan Cruzen ordez. Aldaketek eragina izan dute, eta gorritxoak abaguneak sortzen hasi dira: David Garciaren errematea kanpora joan da 47. minutuan, eta hiru minutu beranduago Huescako atezainak ondo erantzun die Budimirren eta Enric Gallegoren jaurtiketei. Ruben Garcia gola sartzetik gertu egon da 54. minutuan, baina erremate ikusgarria kanpora joan da gutxigatik.

Jaun eta jabe izan da Osasuna bigarren zatian eta ekinak saria jaso du 68. minutuan, David Garciaren golari esker (1-1); kornerra laburrean atera du talde gorritxoak, erdiraketa ona izan da, eta David Garciaren erremateak Andres Fernandez atezaina gainditu du.

Berdinketaren ostean, talde gorritxoak baloiaren jabe izaten jarraitu du, baina gehiago kosta zaio gol aukerak sortzea. Moncayolak errematea egin du 71. minutuan, baina Andres Fernandezek gelditu egin du. Azken txanpara oso nekatuta iritsi dira bi taldeak, ez dira gol gehiago sartzeko gai izan, eta puntu bana eskuratu dute.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Roncaglia (Nacho Vidal, 78. min), Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz (Moncayola, 45. min); Roberto Torres (Gallego, 45. min), Oier, Iñigo Perez, Jony (Kike Barja, 84. min); Ruben Garcia, Budimir (Adrian,78. min).

1 – Huesca: Andres Fernandez; Pedro Lopez, Insua, Siovas, Galan; Borja García, Mosquera, Mikel Rico (Juan Carlos Real, 86. min); Rafa Mir (Nwakali, 54. min), Sandro (Okazaki, 74. min), Ferreiro (Sergio Gomez, 86. min)

Golak: Sandro 0-1 (6. min), David Garcia 1-1 (58. min).

Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Iñigo Perez eta Budimir Osasunako jokalariei, baita  Insua eta Pedro Lopez Huescako futbolariei.