Osasuna
Reyno de Navarran, 16:00etan
Osasunak BBVA Ligako liderraren bisita jasoko du igandean
A.B.
Erredakzioa
Levante sailkapeneko lehen postuan da 23 punturekin eta oraindik ez du partidurik galdu. Gorritxoak aurkariaren bolada ona apurtzen saiatuko dira.
-
Juan Ignacio Martinez, Levanteko entrenatzailea. Argazkia: EFE
Osasunak Ligako partida jokatuko du igande honetan 16:00etan Reyno de Navarra zelaian eta Levante BBVA Ligako liderra izango du aurkari.
Gorritxoen aurkariak mundu guztia harrituta utzi du bere denboraldi hasiera bikainarekin eta ez da aurkari erraza izango gorritxoentzat. Levantek 23 puntu ditu eta ez du oraindik partida bakar bat ere galdu. Zaleak pozarren daude eta amets egiten hasi dira, baina jokalariek eta entrenatzaileek humiltasunez daramate liderra izatearen kontua, argi daukate zein den beraien helburua.
"Nire taldea niretzat onena da. Beti dira onenak, baina errealitatea badakigu zein den. Orain amtes baten gaude eta espero dugu ahalik eta gehien irautea", adierazi du Levanteko entrenatzaileak.
Juan Ignacio Martinezek Osasunaren aurka jokatzeak zer dakarren ere argitu du: "Iruñean jokatzea erritmo biziko, gol aukera askoko eta emaitza on bat ateratzeko zailtasunaren sinonimoa da. Mendilibarren taldeak fisikoki ondo landuta daude, presioa egiten dute eta partida guztiak maila handian jokatzen dituzte".