Itxi

Osasuna

3-2

Osasunak hirugarren porrota jarraian jaso du Valladoliden aurka galduta

eitb.eus

Talde gorritxoak 3-2ko emaitzarekin galdu du Jose Zorrilla estadioan jokatu duen Ligako 13. jardunaldiko partida. Sei neurketa jarraian daramatza irabazi gabe eta jaitsiera postuetan da.

0
Valladolid – Osasuna partidako laburpena eta gol guztiak

Osasunak porrota jaso du Valladoliden aurka (3-2) Jose Zorrila estadioan jokatu duen Santander Ligako 13. jardunaldiko partidan. Talde gorritxoak bolada txarrean jarraitzen du: hiru partida jarraian galdu ditu, eta sei norgehiagoka jarraian daramatza irabazi gabe, jaitsiera postuetan dagoelarik.

Neurketari erritmo bizia ezarri nahi izan dio Osasunak hasieratik, eta erasokor zelairatu da, nahiz eta kosta egin zaio abagune nabarmenak sortzea. Hala ere, talde gorritxoaren hasiera onaren ostean, Valladolidek gola sartu du izan duen lehen aukera baliatuta; Oscar Planok pase bikaina eman eta Weissmanek 1-0ekoa sartu du. Valladolideko jokalariak kontrol ona egin eta Herrera atezaina gainditu du.

Golak min egin dio Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeari eta kosta egin zaio berriz partidari neurria hartzea. Pixkanaka, ordea, gorritxoak baloiaren jabe izaten hasi dira, eta 18. minutuan Budimirrek abagune argia izan du, baina errematea Masip atezainak gelditu du. Ekinean jarraitu du Osasunak, eta saria jaso du 27. minutuan; Oierrek erdiratu eta Budimirrek neurketa berdindu du (1-1) errematea sare barrura bidalita.

Lehia berdindu ostean, Nafarroako taldea jaun eta jabe izan da. Valladolid ezinean ibili da, eta atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Osasunak bigarren gola sartu du Roberto Torresen bitartez (1-2). Talde gorritxoko aurrelariak area barruan jaso du baloia, eta maisuki gainditu du Masip atezaina.

Bigarren zatiaren hastapenean Valladolid izan da nagusi. Pucelako taldeak berdinketaren bila jo du hasieratik eta abagune argiak izan ditu. Sergio Herrera atezainak gogotik lan egin behar izan du, eta erantzun onak eman dizkie Oscar Planoren eta Marcos Andreren erremateei. Dena den, etxeko taldea jaun eta jabe izan da, eta 54. minutuan epaileak Valladoliden aldeko penaltia adierazi du, Herrerak Joaquini area barruan egin dion faltaren ondorioz. Orellanak neurketa berdindu du (2-2), penaltiz gola sartuta.

Osasunak nahiko azkar erantzun du, baina Calleriren erremate ona Masip atezainak gelditu du. Ordutik aurrera, berriro Valladolid izan da nagusi. Sergio Herrerak etxeko taldearen gola saihestu du 71. minutuan, Marcos Andreren erremateari erantzun bikaina emanda. Lau minutu beranduago, ordea, Herviasek erdiraketa ona egin du, eta Weissmanek 3-2koa sartu du, erremate on bat eginda.

Azken txanpan, berdinketaren bila jo du Osasunak. Erdiraketen bidez saiatu da talde gorritxoa aurkaria urduri jartzen, baina Valladolid sendo ibili da defentsako lanean. Partidako 88. minutuan, Callerik jokaldi ona egin du, baina ez du errematatzailerik aurkitu. Osasunak berdinketa lortzeko abagune paregabea izan du 93. minutuan; Callerik, ordea, huts egin du Masip atezainaren aurrean, jaurtiketa kanpora bidalita. Amaieran, porrota talde gorritxoarentzat (3-2).

Fitxa teknikoa:

3 - Valladolid: Masip; Janko (Hervias, 64. min), Joaquin, Bruno, Nacho; Orellana (Jota, m.74), Alcaraz (San Emeterio, 84. min), Roque Mesa (Kike Perez, 74. min), Oscar Plano; Marcos Andre, Weissman (Javi Sanchez, 84. min).

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal (Darko, 82. min), David Garcia, Aridane, Juan Cruz (Enric Gallego, 82. min); Oier (Iñigo Perez, 90. min), Moncayola, Roberto Torres, Ruben Garcia (Kike Barja, 90. min); Calleri, Budimir.

Golak: 1-0, 6:. min Weissman. 1-1, 27. min: Budimir. 1-2, 43. min: Roberto Torres. 2-2, 55. min: Orellana, penaltiz. 3-2, 75. min: Weissman.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Roque Mesa (24. min), Alcaraz (44. min), Weissman (84. min) eta Kike Perez (90. min) Valladolideko jokalariei, baita Aridane (11. min), Moncayola (66. min), Nacho Vidal (71. min), Budimir (80. min) eta Calleri (82. min) Osasunako futbolariei.