Itxi

Osasuna

Batzar Nagusia

Osasunako batzarrak gehiengo zabalarekin onartu ditu klubaren kontuak

A. A. | EITB MEDIA

Ekitaldia Navarra Arenan egin da, eta 260 bazkide bertaratu dira; horrez gain, beste 59 bazkidek ordezkatu gisa parte hartu dute.

  • Luis Sabalza, Osasunako presidentea.

    Luis Sabalza, Osasunako presidentea. Argazkia: EFE

Osasunako bazkide konpromisarioen batzar orokorrak joan den ekitaldiko kontuak eta aurtengo denboraldirako aurrekontua onartu ditu ostegun honetan, aldeko botoen gehiengo zabalarekin.

Ekitaldia Navarra Arenan egin da, eta 260 bazkide bertaratu dira; horrez gain, beste 59 bazkidek ordezkatu gisa parte hartu dute.

2019/2020 ekitaldiko aurrekontuak aldeko 310 botorekin, kontrako 2rekin eta 12 abstentziorekin onartu dira; 2020-2021 denboraldirako aurrekontuek, berriz, aldeko 293 boto, kontrako 9 eta 22 abstentzio jaso dituzte. Osasunak aurrekontu berrirako 65,2 milioi euroko diru-sarrerak aurreikusten ditu eta 64,9 euroko gastuak.

2015etik pertsona gehien bildu dituen batzarra izan da, eta Luis Sabalza presidenteak gertaera hori nabarmendu du; izan ere, bere esanetan horrek agerian uzten du “klubeko organo goreneko kideen konpromisoa”.

"Pozik nago kontuak eta aurrekontua onartzea, zuzendaritza batzordearentzat une garrantzitsuena delako ", azaldu du Sabalzak ekitaldiaren ostean egindako adierazpenetan.

Bazkide konpromisarioen azken hauteskundeen harira sortu den polemikaren inguruan, erakundeko agintari nagusiak esan du errespetatzen dutela zenbait bazkide atsekabetuta egotea horregatik, "baina duela lau urte bezala", eta gaineratu du ez duela "segundo bakar bat ere" galduko arrazoia nork duen ikusteko, presidente gisa duen eginkizuna "zubiak eraikitzea" baita.