Itxi

Osasuna

26. jardunaldia

Etekinik ez Osasunarentzat Bartzelonaren aurka (0-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek abaguneak izan dituzte, baina Ter Stegenen geldituek punturik gabe utzi dituzte Arrasateren mutilak.

0
Osasuna – Bartzelona partidako laburpena eta gol guztiak

Bartzelonak hiru puntuak eskuratu ditu Iruñera egin duen bisitan (0-2) Jordi Albaren eta Ilaix Moribaren golei esker, indartsu atera den Osasunaren aurka, baina lehen golak lehiaren bilakaera aldatu du.

Jagoba Arrasatek presioaren garrantziaz ohartarazi zuen partidaren aurreko prentsaurrekoan, eta jokalari gorritxoek neurketari ekin bezain laster jarri dute martxan. Jonathan Calleri argentinarra Ter Stegen atezaina ezustean harrapatzeko zorian izan da, baina alemaniarrak baloia gelditu du.

Minutu batzuk geroago, katalanen atezainak geldiketa ikusgarria egin du, Kike Barjak arearen aurrealdetik jaurtitako ezkerkada bat aldentzeko.

Ondoren, Bartzelonak partidaren agintea eskuratu du, eta 30. minutuan lehen gola lortu du. Leo Messik gorritxoen defentsaren gainetik pasea eman dio Jordi Albari, eta hark Sergio Herrera gainditu du jaurtiketa indartsu batekin.

Gorritxoek ekinean jarraitu dute, baina golaren saririk jaso gabe. Ruben Garciak gertu izan du atsedenaldia baino lehen, baina berriro ere Ter Stegenek ezin hobeto aldendu du arriskua.

Partidaren erritmoa asko jaitsi da atsedenaldiaren ostean. Bartzelonak ukitu eta ukitu egiten zuen baloia euren Arrasateren jokalariak neka zitezen. Callerik burukada bat izan du neurketa orekatzeko, baina desbideratuegi errematatu du.

83. minutuan, Ilaix gazteak, baloia kontrolatu du gorritxoen area aurrean Messirengandik baloia jaso ostean, eta haren zartakoa ezin izan du Herrerak aldendu.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Manu Sánchez; Torres (Gallego, 85. min), Torró (Oier, 85. min), Moncayola, Rubén García (Budimir, 72. min); Kike Barja (Jony, 62. min) eta Calleri (Adrián, 72. min).

2 – Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza, Lenglet, Umtiti (Dembelé, 47. min); Dest, De Jong, Busquets (Ilaix, 68. min), Pedri (Riqui Puig, 87. min), Jordi Alba (Junior, 87. min); Griezmann (Braithwaite, 68. min) eta Messi.

Golak: 0-1, 30. min: Alba. 0-2, 83. min: Ilaix.

Epailea: Guillermo Cuadra Fernández. Txartel horiak: Umtiti eta Junior (Bartzelona).