Osasuna
Osasuna-Atletico (0-1)
Osasuna Europara gerturatzea eragotzi du Atletico Madrilek
Erredakzioa
Osasuna Europako postuetan kokatzea saihestu dute Godin atzelariaren gol batek eta Courtois madrildarren atezainak. Gorritxoak berdinketa egiten saiatu dira, baina ez dituzte aukerak aprobetxatu.
Fitxa teknikoa:
Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Sergio, Miguel Flaño, Satrustegui (Timor, 77. minutua); Puñal (Lolo, 87. minutua), Nekounam; Cejudo (Nino, 63. minutua), Raul Garcia, Lamah; eta Lekic.
Atletico Madril: Courtois; Juanfran (Perea, 78. minutua), Miranda, Godin, Filipe Luis; Tiago, Mario; Adrian, Koke (Salvio, 81. minutua), Arda Turan (Dominguez, 87. minutua); eta Falcao.
Gola: 0-1, 40. minutua: Godin.
Beste jardunaldi bat 'Simeone efektuak' eragina izan du eta Atletico Madril Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntura utzi du sailkapenean. Osasunak galdu egin du koltxoneroen aurkako neurketan, Reyno de Navarran. Norgehiagoka trabatua izan da eta gorritxoek ezin izan dute Diego Godin uruguaitarraren golari erantzunik eman (0-1).
Osasunak gaizki jokatu du eta azken minutuetan sakatu du soilik. Lehen minututik Iruñara garaipenaren bila etorri dela argi utzi du Atletico Madrilek. Azken jardunaldietan lortutako emaitzek konfiantza eman diete madrildarrei eta lehenengo zatian Atletico Madril Osasuna baino hobeto moldatu da. Gorritxoek ez dituzte bi pase jarraian eman.
40. minutua erabakigarria izan da. Filipe Luisek jokaldi bikaina egin eta atzelari gorritxoak atzean utzi ditu. Brasildarrak erdiraketa egin du Falcao bilatuz, baina Miguel Flañok kornerrera bidali du. Kornerra Kokek atera eta Andresek Falcaoren errematea atera du, baina Godinek atezainaren aldaratzea aprobetxatu du area txikian.
Bigarren zatiaren hasieran gauzak ez dira asko aldatu. Atletico hobeto moldatu da eta Osasuna baino hobeto kokatu da zelaian. Partida erabakita uzteko bi aukera ezin hobe izan dituzte koltxoneroek lehen laurdenean, baina ez dute golik egin.
Atleticok barkatu eta Osasunak sakatu egin du azken minutuetan. Gorritxoek buruz pare bat aukera on izan dituzte, baina Raul Garciaren eta Lekicen erremateak ederki gelditu ditu Courtoisek. Osasunaren bi aukerarik onenak izan dira neurketan eta ez dira azken laurdenera arte heldu.