Osasuna
Larunbatean, 18:00etan
Osasuna, maila matematikoki mantentzeko lehen pausoaren bila
Erredakzioa
Maila mantentzeko hiru pauso gehiago eman behar ditu Osasunak eta aurrenekoa Mallorcaren aurka eman nahi dute gorritxoek. Granadaren aurka garaipena lortu eta gero 34 puntu pilatu dituzte nafarrek.
-
Osasunaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Maila mantentzeko hiru pauso gehiago eman behar ditu Osasunak eta aurrenekoa Mallorcaren aurka eman nahi dute gorritxoek. Granadaren aurka garaipena lortu eta gero 34 puntu pilatu dituzte nafarrek, eta helburua gertuago dute.
Gorritxoak zazpigarrenak dira, baina laugarren postua puntu bakarrera dute. Hala ere, salbazioa dute buruan soilik nafarrek, denboraldi amaiera lasaia eta jaitsiera postuak hamar puntura izateko.
Osasuna ez da batere ondo moldatzen Mallorcan, nahiz eta 6 puntuko abantaila izan Baleareetako taldearekiko. Iberostar estadioan jokatu beharreko neurketa zaila izango dela uste dute gorritxoek. Are gehiago, iragan igandean baja ugari pilatu eta gero.
Dejan Lekic eta Ibrahima Balde aurrelariak lesionatu egin ziren eta Patxi Puñal euskarriak bosgarren txartel horia ikusi zuen, ondorioz, ezin izango dute larunbat honetan jokatu. Ricardo Lopez, Masoud Shojaei eta Kike Sola baja dira.
Juan Francisco Martinez 'Nino' aurrelari serbiarraren ordez zelairatuko du Mendilibarrek, eta Manuel Ortiz 'Lolo' Puñalen ordezkoa izango da seguru aski.
Ustezko hamaikakoak:
Mallorca: Aouate; Chico, Ramis, Nunes, Caceres; Pereira, Tissone, Marti, Castro; Victor eta Hemed.
Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Sergio, Miguel Flaño, Raitala; Lolo, Nekounam; Cejudo, Raul Garcia, Lamah; eta Nino.
Epailea: Clos Gomez (Aragoiko Batzordea).
Estadioa: Iberostar (18:00etan).