Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak berdindu egin du Elxen aurka

A. B. E. | EITB Media

Talde gorritxoak eta Alacantekoak bana berdindu dute Sadarren jokatu duten Santander Ligako 15. jardunaldiko partida. Budimirrek egin du lehen gola, eta Fidelek jarri du banakoa markagailuan.

0
Osasuna vs Elx: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak bana berdindu du Elxen aurka astelehen honetan Sadarren jokatu duen Santander Ligako 15. jardunaldiko partida. Talde gorritxoak sei neurketa jarraian daramatza garaipena lortu gabe.

Nagusi izan da Osasuna lehen minutuetan, eta azkar izan du gola sartzeko abagunea; Kike Garciak, ordea, ez du ondo errematatu hegaletik Cotek egindako erdiraketa. Hiru minutu geroago, Budimirrek langara bidali du jaurtiketa, eta aldaratzean Fidelek penaltia egin dio talde gorritxoko aurrelariari. Budimirrek berak jaurti du, eta gola sartu du (1-0).

Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak gola egin ostean, Elxen erantzuna heldu da Lucas Boyeren jaurtiketa batekin, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. Partidako 19. minutuan izan du Elxek bigarren abagunea, eta Fidelek banakoa jarri du markagailuan. Alacanteko taldeko jokalariak kornerra errematatu du, eta Sergio Herrera atezaina gainditu du.

Berdinketaren ostean, bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea, baina Elxek izan du atsedenaldira iritsi aurretik gola sartzeko aukera onena, 29. minutuan. Unai Garcia ez da ondo ibili defentsako lanean, Lucas Perez area barruan sartu da, eta Sergio Herrerak saihestu du aurrelari galiziarraren gola, gelditu bikaina eginda.

Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da. Hala ere, Elxek gola sartzeko aukera izan du 57. minutuan, baina Lucas Boyeren erremateak zutoina jo du eta ez da gorritxoen ate barruan sartu. Lau minutu geroago erantzun du Osasunak, Edgar Badia atezainak Moncayolaren jaurtiketa bat geldituta.

Osasunak eta Elxek ez dute abagunerik izan neurketako azken txanpara arte. Sergio Herrerak talde bisitariaren gola saihestu du 77. minutuan, Josanen errematea atepetik aterata. Azken hasperenean, 93. minutuan, Kike Garciak gertu izan du gola, baina Enzo Roco gurutzatu da Osasunako aurrelariaren jaurtiketa desbideratzeko. Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Cote; Kike Barja (Roberto Torres, 79. min), Moncayola, Oier (Darko, 63. min), Ruben Garcia (Manu Sanchez, 87. min); Kike Garcia, Budimir (Chimy Avila, 79. min).

1 – Elx: Edgar; Palacios (Barragan, 85. min), Enzo Roco, Diego Gonzalez, Mojica; Mascarell, Marcone (Gumbau, 60. min), Fidel (Josan, 60. min); Tete Morente, Lucas Perez (Guti, 85. min), Lucas Boye.

Golak: 1-0, 7. min: Budimir. 1-1, 19. min: Fidel.

Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos. Txartel horiak atera dizkie Fidel, Mascarell eta Marcone Elxeko jokalariei, baita Manu Sanchez Osasunakoari ere.