Itxi

Osasuna

16. JARDUNALDIA

Osasunak ez du golaren bidea aurkitu Levanteren aurkako lehian (0-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arrasateren mutilek partida kaskarra jokatu dute erasoan, eta azken sailkatuaren aurka hutsean berdintzearekin konformatu behar izan dute.

0
Levante vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak eta Levantek golik gabe berdindu dute Santander Ligako 16. jardunaldian. Valentziarrak nafarrak baino erasokorrago aritu dira, baina Arrasaterenak ondo jardun dute defentsan.

Lehen zatian ia ez da abagunerik egon, eta argiena atsedenaldiaren atarian heldu da De Frutosek gorritxoen ateko zutoinera bidalitako baloi batean.

Era berean, talde nafarrak ez du Cardenasi inongo estutasunik sortu lehen zati osoan, eta hutsean berdinduta iritsi dira atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, partida gogortu eta jokoa trabatu egin da, bi taldeek falta ugari egin baitituzte arerioen jokaldiak eteteko.

Ez Levantek, ez Osasunak ez dute gaitasunik izan jokoaren kontrola bereganatzeko; hartara, etxekoek baloi-jabetza gehiago bereganatu duten arren (lehen zatian egin legez), atezainek ez dute arrisku egoerarik igaro behar izan.

Neurketa bigarren zatian erabat murgilduta zegoela, Mustafi Sergio Herrera gainditzen saiatu da burukada batekin, baina atzelari alemaniarraren erremateari segurtasunez erantzun dio nafarren atezainak.

Zelai erdian jokatuz eta erasoari begira sakontasunik izan gabe, partida azken txanpan sartu da, markagailuan aldaketarik ez zegoela. Eta halaxe bukatu da, etxeko zaleen protesten artean, azken jokaldietako batean penaltia egon zitekeela uste baitzuten.

Fitxa teknikoa

0 - Levante: Cárdenas, Son, Vezo, Mustafi, Clerc (Cantero, 88. min), De Frutos (Franquesa, 88. min), Radoja (Malsa, 59. min), Campaña, Pepelu (Bardhi, 68. min), Morales eta Roger (Soldado, 68. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Unai García, David García, Juan Cruz, Torró, Moncayola (Cote, 90. min), Darko Brasanac (Javi Martínez, 73. min), Manu Sánchez (Oier, 90. min), Chimy Ávila (Rubén García, 63. min) eta Budimir (Kike Barja, 63. min).

Epailea: Pizarro Gómez. Txartel horiak: Radoja eta De Frutos (Levante);Nacho Vidal, Darko Brasanac eta Lucas Torró (Osasuna).