Itxi

Osasuna

1-2

Osasunak sufrituta hartu du mendean Deportivo, eta Errege Kopako final-hamaseirenak jokatuko ditu

EITB Media

Talde gorritxoak 1-2 irabazi du Riazorren jokatu duen Kopako bigarren kanporaketako partida, eta aurrera egin du txapelketan.

  • Kike Garcia eta Budimir

    Kike Garcia eta Budimir, Osasunako golagileak Deportivoren aurka. Argazkia: EFE

Osasunak 1-2 irabazi du Deportivoren aurka ostegun honetan Riazorren jokatu duen Errege Kopako bigarren kanporaketako partida, eta final-hamaseirenetarako txartela bereganatu du.

Gorritxoak baloiaren jabe egin dira lehen minutuetan, baina Deportivok ondo eutsi dio eta etxeko taldeak ez dio uko egin erasora jotzeari. Neurketako 23. minutuan, Carlos Doncelek gola sartu du (1-0) Deportivorentzat, falta bat bikain jaurti eta Sergio Herrera atezaina gaindituta.

Nafarroako taldeari asko kostatu zaio galiziarren golari erantzutea. Bazirudien partida etxeko taldearen aldeko abantailarekin iritsiko zela atsedenaldira, baina Kike Garciak banakoa (1-1) jarri du markagailuan 48. minutuan.

Bigarren zatian, nagusi izan da Osasuna, nahiz eta Deportivok aurre egin dion 60. minutura arte; gainera, etxeko taldeak abaguneren bat ere izan du. Deportivok barkatu egin du Sergio Herreraren ate aurrean, eta Budimirrek 1-2koa sartu du 64. minutuan: Kike Garciaren errematea Mckay atezainak desbideratu du, baloia Budimirri iritsi zaio, eta talde gorritxoko aurrelariak ez du barkatu.

Azken txanpan, Deportivo berdinketaren gola sartzen saiatu da, baina Osasuna sendo egon da defentsako lanean, eta gorritxoek garaipena lortu dute (1-2).

Fitxa teknikoa:

1 - Deportivo: Mackay; Trilli (Quiles, 83. min), Trigueros (Lapeña, 70. min), Granero, Aguirre; Villares (Victor Garcia, 58. min), Calavera, De Vicente; Doncel (Miku, 83. min), Noel eta Soriano (William, 70. min).

2 - Osasuna: Herrera; Ramalho (Nacho Vidal, 76. min), Oier, David Garcia, Cote; Roberto Torres (Brasanac, 68. min), Javi Martinez, Iñigo Perez (Juan Cruz, 68. min), Ontiveros (Kike Barja, 68. min); Budimir (Robert Ibañez, 83. min) eti Kike García.

Golak: 1-0, 23. min: Doncel. 1-1, 48. min: Kike Garcia. 1-2, 64. min: Budimir.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie David Garcia Osasunako jokalariari (29. min), baita Borja Granero Deportivoko futbolariari (88. min). Borja Jimenez Deportivoko entrenatzaileak (70. min) ere ikusi du txartel horia.