Itxi

Osasuna

18. JARDUNALDIA

Osasuna punturik gabe geratu da luzapenean, Getaferen etxean (1-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Dario Poveda aurrelariak 93. minutuan sartutako golak garaipena eman dio talde madrildarrari.

0
Getafe vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak galdu egin du Getaferen aurka Dario Poveda aurrelariak 93. minutuan sartutako golaren ondorioz.

Oso parekatua izan den lehian, Poveda baino ez da izan gai lehian zehar izandako aukera urrietako bat aprobetxatzeko. Lehen zatian, Getafek bi izan ditu, Enes Ünal turkiarraren burukada pare batekin; Osasuna, bere aldetik, gola egitetik gertu egon da Ruben Garciak areaz kanpotik egindako jaurtiketarekin, baina Soriak ondo erantzun dio.

Bigarrenean, Manu Sanchezen urruneko ahalegina eta Chimy Avila argentinarrak, aldaratze baten ostean, area barrutik egindako saiakera izan ditu bere alde Jagoba Arrasateren taldeak gola lortzeko. Etxekoak ere urrutitik ahalegindu dira Sergio Herreraren atea zulatzen, Carles Aleñaren eta Sandroren zartakoekin, baina arrakastarik gabe haiek ere.

Azkenerako, area txikitik egindako erremate batetik erdietsi dute etxekoek aurretik jartzea; izan ere, Povedak sare barrura bidali du Damian Suarezek partidaren azken hatsean (93. minutua) erdiratutako baloia. Garaipen horrek jaitsiera postuetatik ateratzeko balio die madrildarrei 16 jardunaldiren ostean.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: Soria; Damián, Djené, Mitrovic, Cuenca (Jankto, 73. min), Olivera; Maksimovic, Arambarri, Aleñá; Sandro (Poveda, 83. min) eta Enes Ünal.

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai García, Juan Cruz, Manu Sánchez; Moncayola, Torró, Darko (Martínez, 83. min); Rubén García (Roberto Torres, 89. min), Kike Barja (Oier, 83. min) eta Chimy Ávila (Barbero, 89. min).

Gola: 1-0, 93. min: Poveda.

Epailea: José Luis Munuera Montero. Txartel horiak: Sandro, Damián eta Djené (Getafe); Chimy Ávila (Osasuna).