Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak galdu egin du Celtaren aurka

A. B. E. | EITB Media

Talde gorritxoak 2-0eko emaitzarekin jaso du porrota Balaidosen jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partidan.

0
Celta vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak galdu egin du Celtaren aurka (2-0) asteazken honetan Balaidosen jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partida. Vigo taldeak (26 puntu) Nafarroakoa (25 puntu) gainditu du sailkapenean.

Erritmo bizia izan du neurketak hasierako minutuetan. Lehen abagunea Osasunak izan du, baina Budimir ez da errematea egitera iritsi oso gutxigatik. Ondoren, talde gorritxoak oparia egin dio Celtari baloia Iago Aspasi oparituta, baina Sergio Herrera erne egon da eta baloia aldendu du areatik irtenda. Bederatzigarren minutuan gola sartzetik gertu egon da Osasuna; Nacho Vidalek hegaletik erdiratu, eta Budimirren errematea langara joan da.

Lehen ordu laurdenaren ostean, neurketaren erritmoa moteldu egin da. Lehia parekatua izan da, baina 25. minututik aurrera Celta hasi da nagusi izaten. Gauzak horrela, Vigoko taldeak gola sartu du 29. minutuan; Cervik area barruan jaso du baloia, pasea eman du atzera, eta Hugo Mallok 1-0ekoa jarri du markagailuan Sergio Herrera atezaina gaindituta.

Norgehiagokako lehen golaren ostean, etxeko taldea izan da jaun eta jabe. Osasunari min egin dio aurkariak sartutako golak, eta ezinean ibili da lehen zatiaren amaieran. Celtak erasora jo du, eta Santi Minak gola sartu du (2-0) 37. minutuan, Aspasen pasea baliatuta.

Desabantaila murrizteko helburuarekin zelairatu da Osasuna bigarren zatian. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak erasokor jokatu du, baina Celta ondo ibili da defentsako lanean. Abagunea izan du talde gorritxoak 60. minutuan; Ruben Garciak erdiraketa egin du, Budimirrek jo du baloia lehen zutoinean, eta Dituro atezainak aurrea hartu dio Kike Barjari, Osasunako jokalariak errematea egitea eragotzita.

Neurketaren azken txanpan, Celtak beste golen bat sartu nahi izan du kontraerasoren baten bidez, eta Osasuna azkenera arte saiatu da. Hala ere, bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu azken minutuetan, eta hiru puntuak Vigo taldeak erdietsi ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Celta: Dituro; Hugo Mallo, Aidoo, Araujo, Javi Galan; Beltrán (Okay Yokuslu, 78. min); Brais Mendez (Solari, 69. min), Denis Suarez (Tapia, 59. min), Cervi (Nolito, 78. min); Aspas eta Mina (Galhardo, 69. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Dufur, Juan Cruz, Cote (Roberto Torres, 78. min); Torró (Chimy Avila, 68. min); Barja (Manu Sanchez, 78. min), Darko, Moncayola, Ruben Garcia (Benito, 78. min); Budimir (Kike Garcia, 68. min).

Golak: 1-0 Hugo Mallo, 29. min; 2-0 Santi Mina, 37. min.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Javi Galan (31. min), Benito (84. min) eta Nacho Vidal (92. min) jokalariei.