Itxi

Osasuna

SANTANDER LIGA

Bartzelonak ez dio inolako aukerarik eman Osasunari (4-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Katalanak goitik behera nagusitu dira partida kaskarra jokatu duen talde gorritxoaren aurrean.

0
Bartzelona vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak merezita galdu du Bartzelonaren aurka Camp Noun (4-0), lehen zatian, 10 minutuko tartean, hiru gol jaso ondoren.

Gorritxoek apenas izan dute presentziarik erasoko jokoan, eta egoera horretan zerikusi zuzena izan du zigor batengatik jokatu ezinik egon den 'Chimy' Avilaren hutsuneak. Bartzelonak, ordea, intentsitate handia jarri du uneoro, eta behin eta berriro bilatu dute nafarren atzeko learroaren bizkarra. Horietako jokaldi batean, Vidalek penaltia egin dio Gaviri, eta Ferranek neurketako lehenengo gola lortu du (14. min).

Zazpi minutu geroago (21. minutua), aurrelari valentziarrak Dembeleren pase bikaina aprobetxatu du bigarrena erdiesteko. Etxekoak gozatzen zebiltzan, batez ere jokalari frantziarra, eta hark gaueko hirugarrenaren pasea eman dio bere lagun Aubameyangi, Jagoba Arrasateren mutilak zelaian erabat galduta zeuden bitartean.

Gol jarioa geratzeko asmoz, Berriatuko entrenatzaileak hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, eta erdiko hiru atzelarirekin jokatzera pasatu da, Aridane eta Unai Garcia zelairatu ondoren.

Aitzitik, Bartzelonako erdiko atzelari bat, Pique, hain zuzen ere, izan da ezinegona eragin duena berriro Osasunaren defentsan, Herrera atezaina gainditu baitu aurrelari iaio bat bailitzan. Dena den, De Burgos Bengoetxea epaileak jokoz kanpokoa adierazi eta baliogabetu egin du gola.

Dembelek gertu izan du katalanen laugarrena bakarkako jokaldi batean, baina Herrerak kornerrera desbideratu du haren ahalegina. Riqui Puigek, ordea, ez du 4-0ekoa barkatu handik gutxira.

Fitxa teknikoa:

4 - Bartzelona: Ter Stegen; Dani Alves, Piqué (Lenglet, 62. min), Eric García, Jordi Alba (Mingueza, 79. min); Sergio Busquets, Pedri (Riqui Puig, 73. min), Gavi; Dembélé, Aubameyang (Memphis, 73. min) eta Ferran Torres (Braithwaite, 79. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, David García (Aridane, 46. min), Cote, Juan Cruz; Moncayola, Lucas Torró (Unai García, 46. min), Javi Martínez (Darko, 73. min): Iker Benito (Budimir, 67. min), Kike García eta Rubén García (Roberto Torres, 46. min).

Golak: 1-0: Ferran Torres, 14. min (penaltiz). 2-0: Ferran Torres, 21. min. 3-0: Aubameyang, 27. min. 4-0: Riqui Puig, 75. min.

Epailea: De Burgos Bengoetxea. Txartel horiak: Nacho Vidal (13. min), David García (15. min), Unai García (89. min) eta Darko (93. min).