Itxi

Osasuna

1-1 Malagaren aurka

Osasunak berdinketa garrantzitsua lortu du aurkari zuzen baten aurka

Erredakzioa

Ninok lortu du 1-0ekoa norgehiagokako 54. minutuan eta Cazorlak 1-1ekoa jarri du gero, Nafarroako Erresuman. Mendilibarren mutilek asko sufritu dute markagailuari eusteko.

  • Osasuna-Malaga. Argazkia: EFE

    Osasuna-Malaga. Argazkia: EFE

-- Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Lolo, Flaño, Damia; Cejudo, Puñal, Nekounam, Timor (Lamah, 75. minutuan); Nino eta Lekic (Onwu, 79. minutuan).

1 - Malaga: Kameni; Sergio Sanchez, Demichelis, Weligton, Monreal; Joaquin (Eliseu, 70. minutuan), Camacho, Maresca, Cazorla; Isco (Duda, 90. minutuan) eta Rondon (Van Nistelrooy, 58. minutuan).

Golak: 1-0: 53. minutuan, Nino. 1-1: 67. minutuan, Cazorla.

Markagailuan aurrea hartzeko helburuarekin irten dira Pellegriniren mutilak berdegunera eta Andres Fernandezek gelditu erabakigarria egin behar izan du aurreneko minutuan. Joaquinek ezin izan du Osasunako atezaina buruz burukoan gainditu eta Malagak gola lortzeko abagune ederra huts egin du. Mendilibarren mutilek zuri-urdinen erasoa gelditzeko asko sufritu dute defentsan aurreneko minutuetan, baina pixkanaka partidaren kontrola hartu dute.

Nafarroako taldearen aurreneko abagune argia Patxi Puñalek izan du 17. minutuan, baina Kamenik gelditu ikusgarria egin du baloia kornerrera bidalita. Osasunak defentsa sendotu egin du eta Malagak ezin izan du gol aukerarik sortu. 33. minutuan Timorrek gutxigatik bidali du kanpora errematea eta gorritxoek bigarren aukera argia huts egin dute. Atsedenaldira markagailuan goitik joateko aukera izan dute Pellegriniren mutilek, baina Monrealen saiakera zutoinera joan da (37. minutuan).

Atsedenaldiaren ostean Mendilibarren mutilek kontraerasoa bilatu dute eta Kamenik beste gelditu ikusgarri bat egin du Cejudoren jaurtiketaren aurrean. Norgehiagokako 54. minutuan Osasunak 1-0ekoa eskuratu du. Cejudok erdiraketa ederra jarri du eta Ninok sare barrura bidali du errematea.

Malagako taldeak berdinketaren gola behin eta berriro bilatu du, eta azkenean Cazorlak gol ikusgarria egin du 67. minutuan. 1-1ekoarekin gorritxoek Pellegriniren mutilen erasoa defendatzeko asko sufritu dute, baina Malagak ezin izan du bigarren gola lortu. 88. minutuan Camachoren errematea langara joan da eta Cazorlak zuzenean kanpora bidali du baloia 90. minutuan. Azkenean, 1-1 bukatu da neurketa Nafarroako Erresuman.