Osasuna
Sardineron
Osasunak Racing gainditu du, baina Europako postuetatik at gelditu da
Erredakzioa
Jose Luis Mendilibarren mutilek 2-4 irabazi dute Santanderren, baina ezin izan dute Europa Ligarako txartela eskuratu. Gorritxoen golak Ibrahimak, Cejudok, Raul Garciak eta Roversiok lortu dituzte.
-
Osasuna. Argazkia: EFE
- Fitxa teknika:
2.- Racing: Mario; Francis, Alvaro, Torrejon (Osmar, 16. minutuan), Picon (Adrian, 78. minutuan); Gullon, Rivero; Luque (Kennedy, 58. minutuan), Acosta, Jairo; eta Stuani.
4.- Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Ruben (Roversion, 72. minutuan), Flaño, Damia; Timor, Nekounam; Cejudo, Raul Garcia, Ibrahima (Lekic, 68. minutuan); eta Nino (Calleja, 82. minutuan).
Golak: 1-0, 1. minutuan. Stuani. 1-1, Ibrahima. 1-2, 66. minutuan. Cejudo. 1-3, 70. minutuan. Raul Garcia. 2-3. 80. minutuan. Jairo 2-4, 89. minutuan. Roversio.
Osasunak ezin izan du Europa Ligako txartela eskuratu Atletico Madrilek eta Levantek garaipenak lortu dituztelako. Hala ere Mendilibarren taldeak garaipen bikaina eskuratu du Bigarren Mailara jaitsi den Racingen aurka. Talde gorriak 2-4 irabazi du Sardineron hasierako 1-0ekoa iraulita.
Santanderreko taldeak norgehiagokako aurreneko minutuan lortu du 1-0ekoa Stuaniren golari esker eta partida aldapa gora jarri zaio Mendilibarren taldeari. Ninok partida berdintzeko abagune ederra izan du, baina Racingeko defentsak ederki desbideratu du baloia. Epaileak Ibrahimak lortutako gola baliogabetu egin du ustezko joko kanpoko posizioagatik, baina gorritxoa legezko posizioan egon da.
Hurrengo abagunea Alvaro Cejudok izan du eta erdilariak zutoinera bidali du jaurtiketa gogorra. Osasunak gola lortzeko erasoan sakatzen jarraitu du, baina Iruñeko taldeak ezin izan du aurreneko zatian golik lortu. Mendilibarren mutilen lehenengo zatiko azkeneko aukera Rubenek izan du, baina Mario atezainak gelditu du errematea.
Bigarren zatian epaileak Ibrahimari beste gol bat baliogabetu dio, baina Osasunako aurrelariak 1-1ekoa jarri du markagailuan erremate bikain batekin. 64. minutuan Cejudok urruneko saiakera egin du eta Mario atezainak gelditu ikusgarri batekin desbideratu du baloia. Hala ere Nafarroako taldeak ondo sakatu du erasoan eta Cejudok 1-2koa jarri du Sardineroko markagailuan (67. minutuan).
Jose Luis Mendilibarren taldeak markagailuan aurrea hartu duenean eroso jokatu du eta Alvarok penaltia egin dio Cejudori. Raul Garciaren jaurtiketa Mariok desbideratzea lortu du, baina jokalari nafarrak sareetara bidali du baloia markagailuan 1-3koa jartzeko. 80. minutuan Jairok gol ikusgarria lortu du Cerveraren mutilentzat eta Racing 2-3 hurbildu da markagailuan. Hala ere Roversiok azken 2-4koa ezarri du partidako azkeneko minutuan.