Itxi

Osasuna

Finala, larunbatean

Nacho Vidalek ezingo du Kopako finala jokatu, eta baja izango da Ligan Osasunari geratzen zaizkion partidetan

EITB MEDIA

Atzelariak ezkerreko hankako aduktore luzea du minduta, asteleheneko entrenamendutik, eta ez du Cartujan zelairatzerik izango, larunbatean; halaber, Nafarroako taldeak Ligan dituen azken bost neurketetan ere ezin izango du jokatu.

  • Nacho Vidalek ezin izango du Kopako finala jokatu. Argazkia: EFE.

    Nacho Vidalek ezin izango du Kopako finala jokatu. Argazkia: EFE.

Nacho Vidal Osasunako eskuin hegaleko atzelariak ezingo du Real Madrilen aurkako Kopako finala jokatu, larunbatean, Cartujan, eta, halaber, baja izango da Nafarroako taldeari oraindik geratzen zaizkion Ligako bost partidetan, Osasunak jakitera eman duenez. Vidalek ezkerreko hankako aduktore luzea du minduta, asteleheneko entrenamendutik.

Ohar bidez, Osasunak "maitasun eta babes osoa" helarazi dio jokalariari; izan ere, atzelaria "final historiko baterako sailkapenaren eta azken urteetako hazkundearen partaide" da.

Baja hori kontuan izanik, baliteke Jon Moncayola aritzea atzealdeko eskuin hegalean, finalean, jokalari nafarrak ondo baino hobeto kontrolatzen baitu postu hori; horrela, Ruben Peña aurrerago ibil liteke, eskuinaldean, Moncayolaren aurretik, Viniciusi aurre egite aldera.

2022-23 denboraldian, Vidalek Ligako 20 partida jokatu ditu, 15 hasieratik; Kopan, Jagoba Arrasatek bi neurketatan zelairatu du Vidal, batean hasieratik, eta jokalariak gol bat sartu du, Fuentesen aurka, lehen kanporaketan.