Itxi

Osasuna

Larunbatean, 16:00etan

Mendilibar: 'Partida borrokatua izango da eta ez kikiltzea espero dut'

Erredakzioa

Gorritxoek Romaredan denboraldiko lehen garaipena lortzeko jokalariek aurpegia ematea espero du Osasunako entrenatzaileak.

  • Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailea. EFE

    Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailea. EFE

Zaragozaren kontrako neurketa Romaredan, larunbatean, partida "borrokatua" izango da eta, zentzu horretan, gorritxoek denboraldiko lehen garaipena bilatzeko jokalariek aurpegia ematea eta "ez kikiltzea" espero du Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak.

"Norgehiagoka borrokatua izango da seguru, bi taldeak ikusita, eta ez kikiltzea eta benetan aurpegia ematea eta borrokatzea espero dut, aurpegia ematen baldin badugu aukerak izango ditugu", adierazi du entrenatzaileak prentsaurrekoan, Taxoaren entrenatu eta gero.

"Hobeto lehiatzen ikasi behar dugu batez ere", azpimarratu du Mendilibarrek. "Nik lehiakor izan nahi dut, ongi ala gaizki jokatu arerioari gauzak zail jarri nahi dizkiot. Gero ondo jokatuta, irabazteko aukera gehiago izango ditugu", esan du.

Zaragoza baino hobeak izaten saiatuko direla erantsi du entrenatzaile gorritxoak: "Daukagun egoera badakigu, baina dena ematera behartuak gaude partida irabazten saiatzeko".

Marc Bertran eta Damia Abella hegaleko jokalariak azken orduko bajak dira, lesionatuta daudelako.

Ustezko hamaikakoak:

Zaragoza: Roberto; Sapunaru, Alvaro, Paredes, Abraham; Apoño, Movilla edo Jose Mari, Romaric edo Zuculini; Edu Oriol, Postiga eta Montañes.

Osasuna: Andres Fernandez; Oier Sanjurjo, Arribas, Miguel Flaño, Nano; Annan, Timor; Cejudo, Armenteros, Sisi; eta Kike Sola.

Epailea: Perez Lasa
Futbol-zelaia: Romareda.
Ordua: 16:00.