Osasuna
EA SPORTS LIGA
Dena emanda ere, Osasunak ezin du Atleticorekin (1-0)
G. P. A. | EITB MEDIA
Gorritxoek maila ona eman dute, baina erasoan ez dute asmatu, eta, azkenean, galdu egin dute Metropolitanon. Julian Alvarezek sartu du Atleticoren gola, bigarren zatian.
-
Catena eta Griezmann. Argazkia: EFE
Osasunak 1-0 galdu du Atleticoren aurka Metropolitanon. Gorritxoek irudi ona eman dute, baina erasoan ez dute asmatu, eta, azkenean, punturik gabe bueltatu dira Madrildik. Vicente Morenoren taldeak zazpigarren jardunaldia kateatu du Ligan garaipenik lortu gabe.
Osasuna bosteko defentsarekin eta Raul Garcia de Haro puntan jarrita zelairatu da Metropolitanon; Budimir aulkian geratu da. Vicente Morenok ezustekoa eman du hamaikakoarekin, eta plana aldatu du, defentsako lerroa sendotuz eta hegaletatik min egiteko asmoa erakutsiz.
Hala ere, hasierako minutuetan Atletico izan da nagusi, eta etxeko taldea laster aurreratu da markagailuan. Alabaina, Diaz de Merak baliorik gabe utzi du gola, jokaldia VAReko monitorean berrikusi eta gero. Griezmannek besoarekin jota sartu du baloia sarean, eta epaileak ez du zalantzarik izan.
Julian Alvarezek ere zenbait aukera izan ditu, baina Sergio Herrerak maila ona eman du eta geldiketa erabakigarriak egin ditu.
Atleticoren lehen oldarraldia etenda, gorritxoek aurrerapausoa eman dute eta aurkariaren zelaian jokatzen hasi dira, arrisku gehiegirik sortu gabe izan bada ere. Aukerarik onena Herrandok izan du, Oblaken hutsa baliatuta, baina burukada kanpora joan zaio.
Atsedenaldia heldu baino lehen, Pablo Ibañezek Oblak aurreratuta zegoela ikusi du, eta baloia zelai erditik jaurti du, bitan pentsatu gabe. Kanpora joan da.
Horrela amaitu da lehen zatia. Gol aukera onenak Simeoneren mutilek izan dituzte, baina Osasunak irudi oso ona eman du, eta dena bigarren zatian erabakitzeko utzi dute bi taldeek.
Aldagelatik bueltan, Atleticok izan du baloiaren jabetza, eta laster hartu du aurrea markagailuan, Julian Alvarezek estrategiako jokaldi on batean gola eginda. Griezmannek erdiratu du, Lengletek buruz luzatu du jokaldia, eta aurrelari argentinarrak baloia sarera bidali du. Sergio Herrerak ezin izan du ezer egin gola ekiditeko.
Edonola ere, Osasuna ez da kikildu. Gorritxoek hasierako planari eutsi diote, eta aurpegia ematen jarraitu dute. Gola jaso ostean, Vicente Morenok lehen aldaketak egin ditu: Moncayola, Aimar Oroz eta Areso sartu dira, Boyorno, Torro eta Ruben Peñaren ordez, hurrenez hurren.
Osasunak oldarkorrago jokatu du. Raul Garciak jaurtiketa bortitza egin du, baina baloia kanpora joan zaio. Handik gutxira, partidako jokaldi polemikoena heldu da: Pablo Barriosek Ruben Garciari penaltia egin diola eskatu dute gorritxoek, baina epaileak ez du halakorik ikusi.
Ondoren, Atletico partida lokartzen saiatu da, eta luzapenean bigarrena egiteko aukera izan du. Bretonesek eta Catenak gutxigatik ez dute baloia euren atean sartu, baloiak zutoina jo baitu. Jokaldi horrekin amaitu da norgehiagoka.
Osasunak zazpi jardunaldi pilatu ditu Ligan irabazi gabe; Atleticok, berriz, goi-goian bukatu du lehen itzulia, Real Madrilen eta Bartzelonaren aurretik.
FITXA TEKNIKOA
1- Atletico Madril: Oblak; Molina, Lenglet, Le Normand, Galan; De Paul, Barrios, Giuliano (Llorente, 73. min), Gallagher (Lino, 46. min); Julian Alvarez (Correa, 76. min) eta Griezmann.
0- Osasuna: Herrera; Bretones, Catena, Herrando, Boyomo (Aimar Oroz, 63. min); Torre (Areso, 64. min), Ibañez, Ruben Peña (Moncayola, 63. min), Ruben Garcia (Arnaiz, 85. min), Moi Gomez; eta Raul Garcia (Budimir, 78. min).
Gola: 1-0, 55. min: Julian Alvarez.
Epailea: Diaz de Mera Escuderos. Txartel horia atera die Atleticoko Giulianori eta Samu Linori, eta Vicente Moreno Osasunako entrenatzaileari.