Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Kopan egindako ahalegina Rayoren aurka ordaindu du Osasunak (1-1)

G. P. A. | EITB MEDIA

Rayo lehen zatian aurreratu da markagailuan, Camellok gol ederra sartuta, eta, ondoren, Osasunari asko kostatu zaio markagailua berdintzea. Raul Garciak egin du gorritxoen gola, bigarren zatian.

  • Sergio Herrera, Osasunako atezaina. Argazkia: EFE

    Sergio Herrera, Osasunako atezaina. Argazkia: EFE

Athletic Errege Kopan menderatu ostean, Osasuna hazita heldu da Rayo Vallecanoren aurkako partidara, baina ezin izan du Iñigo Perezen taldea garaitu Sadarren. Bana amaitu da EA Sports Ligako norgehiagoka orekatua.

Rayok hartu du aurrea markagailuan, Camellok gol polita sartuta lehen zatian. Gorritxoek bigarrenean lortu dute berdinketa, Raul Garciaren burukada ikusgarri bati esker.

Athletic Errege Kopatik kanporatu zuen hamaikako bera jarri du zelaian Vicente Morenok. Gorritxoak indartsu hasi dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, Rayok presioa gainetik kentzea lortu du, eta bere jokoa egiten hasi da.  

Horrela, 18. minutuan, Camellok gol ederra sartu du, Iñigo Perezen taldea aurretik jartzeko. Osasunaren defentsa aurreratuta zegoela ikusita, Ratiuk pase luzea eman dio aurrelari madrildarrari, honek baloia hartu du, ziztu bizian joan da Sergio Herreraren atearen bila, eta aurrez aurre izan duenean, baloia gainetik bota dio. Gol ederra egin du.

Osasuna pauso bat aurrera ematen saiatu da, eta batez ere Aresok hegaletik egindako korrikaldiak eta estrategiako jokaldiak baliatu ditu, baina arrisku handirik sortu gabe. Rayo, berriz, ondo aritu da defentsa lanetan, eta kontraerasoan azkar aterata ahalegindu da bigarrena sartzen.

Minutuak igaro ahala, Rayok erosoago jokatu du, eta Batallaren atera jaurtiketa arriskutsurik egin gabe amaitu da lehen zatia Osasunarentzat.

Bigarren zatia ere bizitasun handiarekin hasi da. Rayok eman du lehen abisua, 20. segundorako, De Frutosek baloia area barrutik jaurtita. Sergio Herrerak, baina, ondo gelditu du.  

Jarraian iritsi da Osasunaren erantzuna. Moncayolak area ertzetik jaurtiketa bortitza egin du, eta Batallak baloia harrapatu du. Horixe izan da gorritxoek ordura arte partidan izan duten gol aukerarik garbiena.  

Vicente Morenoren taldeak aurrerapausoa eman du atsedenalditik bueltan, eta Rayo estutzen hasi da, 58. minutuan Raul Garciak berdinketaren gola lortu duen arte. Aresok pase ona eman dio eskuin hegaletik Raul Garciari, honek baloia erdiratu du, eta Raul Garciak sarera bidali du, burukada ikusgarria emanda.

Osasunak zailena egin du, galtzen ari zen partida bigarren zatiaren hasieran berdinduta. Ordu erdi baino gehiago izan du markagailua iraultzeko. Hala ere, Vallecasko taldeak ez du atzera egin, bere jokoari eutsi dio eta bigarren gola egiteko aukera izan du.

Sergio Herrera aurreratuta zegoela ikusita, Isi Palazonek baloia zelai erditik jaurti du, bitan pentsatu gabe. Baloiak langa jo du, gorritxoen zorionerako.

Osasuna emaitza iraulten saiatu da, eta zaleak taldearen jarrera txalotu dute. Momentu biziak izan dira, baina Rayo ondo aritu da defentsako lanean, eta ez da beste golik izan. Lehen zatian Madrilgo taldea izan da hobea; bigarrenean, berriz, Osasuna; eta, azkenean, puntu banaketarekin bukatu da neurketa.

FITXA TEKNIKOA

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 46. min); Ruben Garcia (Kike Barja, 76. min), Moncayola (Iker Muñoz, 81. min), Torro, Pablo Ibañez (Raul Garcia de Haro, 46. min), Aimar; eta Budimir.

1 – Rayo Vallecano: Batalla; Ratiu, Mumin, Lejeune, Chavarria; De Frutos (Balliu, 60. min), Lopez (Gumbau, 68. min), Oscar Valentin, Embarba (Nteka, 86. min), Isi (Trejo, 87. min) eta Camello (Alvaro Garcia, 60. min).

Golak: 0-1, 19. min: Camello. 1-1, 59. min: Raul Garcia de Haro.

Epailea: Muñoz Ruiz. Txartel horia atera die Osasunako Ibañezi, Moncayolari eta Aresori; eta Rayoko Oscar Valentini eta Batallari.