Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Garaipenak ihes egin dio Osasunari azken minutuan Las Palmasen aurka (1-1)

I. G. | EITB MEDIA

Aimar Orozek sartu du gorritxoen gola, baina Januzajek partida berdindu du faltaz azken minutuan.

  • Oroz gola sartzen. Argazkia: EFE

    Oroz gola sartzen. Argazkia: EFE

Osasunak bana berdindu du Las Palmasen aurka ostiral honetan Kanaria Handian jokatu den EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partida. Aimar Orozek sartu du gorritxoen gola, baina Januzajek partida berdindu du faltaz azken minutuan.

Kanariarrek hobeto hasi dute partida, lehen minutuetan kontrola hartuta. Baina gorritxoek berehala hartu dute erritmoa eta euren lehen abagunea geldikako baloi batean iritsi da, area ertzean egindako falta batean. Ruben Garciaren jaurtiketa gora joan da gutxigatik.

Oro har, lehen zati parekatua izan da, eta bi taldeetako batek ere ez dio aurkariari minik egin. Nafarren aldetik, areara hurbilketaren bat edo beste izan dute, batez ere hegaletik Aresoren abiadura aprobetxatuz, baina azken metroetan argitasuna falta izan zaie.

Aukerarik argienak Budimirren oinetatik heldu dira. Lehenengoan, atezainari izkin egitea lortu du, eta, baloia defendatzailearen gainetik botatzerakoan, gora joan zaio atea hutsik zuela; hala ere, jokaldia baliogabetuta zegoen jokoz kanpokoagatik. Handik gutxira, kroaziarrak ondo lotu du jaurtiketa, baina Cillessenek geldiketa ikusgarria egin du gola saihesteko.

Atsedenaldira joan aurretik, Kike Barjak zutoinera jaurti du baloia.

Bigarren zatian Osasuna intentsitate handiz zelairatu da eta denbora gutxi behar izan du markagailua irekitzeko. Aresok hegaletik erdiratu du, Barjak buruz errematatu du, Budimirrek atzera pasa du eta Orozek sare barrura bidali du baloia (0-1).

Emaitza alde zutela, gorritxoek erritmoa jaitsi eta baloiaren jabetza mantendu dute. Baina Las Palmasek bizirik jarraitzen zuen, eta Sandro markagailua berdintzeko zorian egon da, Siveraren geldiketa bikainagatik ez bada.

Partida berotzen joan da, alde batetik bi taldeen urduritasunagatik eta bestetik epailearen erabakiengatik; izan ere epaileak 15 txartel hori atera ditu. Horietako bat Essugoren bigarrena izan da, 72. minutuan kanporatua izan dena.

Sivera ezinbestekoa izan da aurkarien zenbait jokaldi arriskutsu zapuzteko, atea itxita mantendu dute eta Osasunak garaipena eskuratu du.

Osasunak garaipena lortuko zuela zirudienean, Januzajek partida berdindu du faltaz, baloiak hesian jo ondoren, eta Siverak ezin izan du gola saihestu (1-1).

Fitxa teknikoa:

1- Las Palmas: Cillessen; Javi Muñoz, Alex Suarez (Januzaj, 81. min), McKenna, Mika Marmol; Essugo, Kirian (Pelmard, 81. min); Sandro, Manu Fuster (Mata, 57. min), Moleiro (McBurnie, 90+2. min); eta Fabio Silva.

1- Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Herrando, 90. min), Boyomo, Catena, Juan Cruz (Peña, 90. min); Iker Muñoz, Moncayola (Ibañez, 70. min); Ruben Garcia, Aimar, Kike Barja (Abel Bretones, 58. min); eta Budimir (Raul Garcia, 70. min).

Golak: 0-1, 53. min: Aimar. 1-1, 90+8. min: Januzaj.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Bigarren txartel horiarekin kanporatu du Dario Essugo. Gainera, txartel horia atera die Fuster, Silva, Suarez, Pelmard, Januzaj, Barja, Areso, Catena, Moncayola, Boyomo, Ruben Garcia, Herrando eta Iker Muñoz jokalariei.