Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Budimirrek amaiera eman dio Osasunaren bolada txarrari, eta agerian utzi du Realaren defentsa (2-1)

G. P. A. | EITB MEDIA

Ante Budimirrek sartu ditu Osasunaren bi golak. Lehendabizikoan, Alex Remirok gehiago egin ahal izan du, eta bigarrenean, aurrelari kroaziarrak bakar-bakarrik egin du errematea. Realaren gola Oskarssonek sartu du, luzapenean.

  • Ante Budimirrek sartu ditu Osasunaren bi golak. Argazkia: EFE

    Ante Budimirrek sartu ditu Osasunaren bi golak. Argazkia: EFE

Osasuna 2-1 gailendu zaio Realari gaur arratsaldean Sadarren, eta bolada txarrari amaiera eman dio EA Sports Ligan, 2024ko azarotik ez baitu partidarik irabazi. Ante Budimir izan da neurketako protagonista nagusia, eta bi gol egin ditu.

Txuri-urdinek ez dute gaizki jokatu, baina aurrean ez dute asmatu eta atzean ere ez dira fin ibili. Realaren gola Oskarssonek sartu du, luzapenean.

Gorritxoak ohiko intentsitatearekin hasi dute neurketa, arrisku handirik sortu ez badute ere, eta, denbora igaro ahala, Reala suspertu egin da eta baloiaz jabetu da.

Take Kubo eta Mikel Oyarzabal arrisku handiko jokaldiak egiten hasi dira, eta zenbait abagune izan dituzte markagailuan aurretik jartzeko. Barrenetxea Sergio Herreraren area barruan erori da, baina epaileak ez du penaltirik adierazi.

Realak partida kontrolpean zeukala ematen zuen, baina Vicente Morenoren mutilak ez zeuden deseroso zelaian. Aimar Orozek zuzendu du taldea, eta Osasuna kontraerasoan azkar aterata saiatu da aurkaria ezustean harrapatzen.

Hain zuzen ere, horrela iritsi da Ante Budimirren gol ederra, 34. minutuan. Aimar Orozek eman dio pasea, eta aurrelari kroaziarrak area barrutik eta ia tokirik gabe egindako jaurtiketa bortitza sarera joan da.

Gol horrek min egin dio Realari, eta Osasunari, berriz, indarra eman dio. Nafarroako taldeak gora jo du, eta abagune gehiago izan ditu, atsedenaldia heldu baino lehen abantaila handitzeko.

Bigarren zatiaren hasieran, talde txuri-urdina hobeto aritu da, berdinketaren bila joan da, aurrerapausoa emanda, eta gorritxoek sufritu egin dute.

Partidako jokaldi polemikoa 60. minutuan gertatu da. Alex Remirok penaltia egin dio Budimirri. Zuzenean, atezainak aurrelaria lurrera bota duela ematen zuen, baina, irudiak telebistan ikusi ostean, epaileak erabakia zuzendu du, eta txartel hori atera dio Budimirri, bere burua lurrera bota duela iritzita.

Jokaldi horrek polemika piztu du, baina ez da erabakigarria izan, minutu batzuk geroago bigarrena sartu baitu. Ruben Garciak egin du erdiraketa, eta aurrelari gorritxoak sare barrura bidali du baloia, buruz. Realak gaizki defendatu du jokaldia, eta Budimirrek bakar-bakarrik egin du errematea area barruan.

Norgehiagokak bide beretik jarraitu du, eta ez da aldaketarik izan. Reala azkeneraino saiatu da, eta Oskarssonek gola sartu du, luzapenean. Beranduegi izan da emaitza iraultzeko.

Horrenbestez, Osasunak hainbeste desio eta behar zuen garaipena lortu du, azkenean. Bolada txarrari amaiera eman dio Ligan, eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dio.

Bi taldeak aurrez aurre izango dira berriro datorren ostegunean, Reale Arenan jokatuko den kanporaketan.

FITXA TEKNIKOA

2- Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Iker Muñoz, 71. min); Torró (Moi Gomez, 71. min), Moncayola; Ruben Garcia (Bryan, 86. min), Aimar, Kike Barja (Bretones, 57. min); eta Budimir (Raul, 86. min).

1- Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia (Elustondo, 79. min), Aguerd, Javi Lopez, Zubimendi, Sucic, Olasagasti (Mendez, 66. min), Kubo (Becker, 78. min), Barrenetxea (Oskarsson, 66. min) eta Oyarzabal (Zakharyan, 78. min).

Golak: 1-0, 34. min: Budimir. 2-0, 74. min: Budimir. 2-1, 90. min+4: Oskarsson.

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horia atera die Osasunako Torrori, Budimirri eta Herrerari, eta Realeko Olasagastiri eta Zubeldiari.