Osasuna
EA SPORTS Liga
Osasunak eta Valentziak puntuak banatu dituzte Sadarren jokatutako partida eroan (3-3)
I. G. | EITB MEDIA
Gorritxoek birritan berdindu dute markagailua, eta Budimirrek aurretik jarri ditu bereak hamaika metroetatik. Sadiqek festa zapuztu du azken minutuetan.
-
Ante Budimir Valentziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE.
Osasunak berdindu egin du Valentziaren aurka (3-3) igande honetan EA Sports Ligako 26. jardunaldiko partidan. Gorritxoek birritan berdindu dute markagailua Aimar Orozek egindako bi goli esker, eta Budimirrek aurretik jarri ditu bereak hamaika metroetatik. Sadiqek festa zapuztu du azken minutuetan.
Osasunak baloia eduki nahi izan duenean, Valentziako taldea defentsan aritu da zain eta muin, baina lortu dute kontraerasoan arrisku handia sortzea.
Izan ere, bisitariek behin baino gehiagotan jarri dute gorritxoen garaipena kolokan, 13. minutuan Diego Lopezek etxekoen defentsaren hutsune bat lehen gola egiteko aprobetxatu duen arte (1-0).
Hamahiru minutu iraun dio pozak Valentziari. Bryan Zaragozak Budimirrek errematatu ezin izan duen baloi bat jarri du, baina Aimar Orozi area txikian erori zaio, zutoin luzean jo eta berdinketa lortu du Osasunarentzat (1-1).
Hiru minutu geroago, Valentziak hutsunea aurkitu du berriro gorritxoen defentsan. Javi Guerrak hartu du baloia eta pase on bat jarri du Sadiqek, erdiko bi atzelarien artean sartuta, berriro ere abantaila jartzeko kanpotarren markagailuan (1-2).
Nafarrak berriro suspertu dira golaren ondoren, eta aurkariaren area bilatu dute behin eta berriz. Aresok hegaletik egindako barnealdi batean, Orozi area erdiraketa bat jarri dio. Hark bolea on bat lotu du, eta baloiari efektua emanda, Mamardashvilik ezin izan du gelditu (2-2).
Berdinketarekin, minutuak gorritxoen aldekoak izan dira. Ruben Garcia area barruan sartu da eta Mosquerak lurrera bota du, eta Ante Budimirrek penaltia jaurti eta sare barrura bidali du (3-2).
Atsedenaldiaren ostean, bi taldeak hobeto antolatu dira, eta elkarri aukera garbiak sortzea eragotzi diote. Azkenean, gorritxoek defentsan izan dituzten zalantzek berdinketaren gola eman diote Sadiqi (3-3).
Fitxa teknikoa:
3 - Osasuna: S. Herrera; J. Areso (82. min, R. Peña), Boyomo, Catena, Abel Bretones (72. min, Juan Cruz), Torro, Moncayola (72. min, Iker Muñoz), Aimar (55. min, Kike Barja), Ruben Garcia, Bryan Zaragoza (72. min, Moi Gomez) eta Budimir.
3 - Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Mosquera, Tarrega, Gaya (66. min, Fran Perez), Barrenechea (80. min, S.C. Tenes), Javi Guerra (66. min, Almeida), Luis Rioja, Diego Lopez (80. min, Pepelu), Ivan Jaime (56. min, Rafa Mir) eta Sadiq.
Golak: 0-1, 14. min: Diego Lopez. 1-1, 26. min: Aimar Oroz. 1-2, 32. min: Sadiq. 2-2, 39. min: Aimar Oroz. 3-2, 45. min: Ante Budimir, penaltiz. 3-3, 87. min: Sadiq.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera die Torro, Muñoz eta Luis Rioja jokalariei.