Itxi

Osasuna

Balizko datak

Noiz jokatuko da larunbat honetan atzeratutako Bartzelona-Osasuna partida?

Agentziak | EITB MEDIA

Egutegiak aukera gutxi ematen ditu, are gehiago Bartzelona Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga lehiatzen ari dela kontuan izanda.

  • Data Bartzelonaren egutegiak baldintzatuko du. Argazkia: Efe.

    Data Bartzelonaren egutegiak baldintzatuko du. Argazkia: Efe.

Carles Miñarro medikuaren bat-bateko heriotzaren ondorioz atzeratutako Bartzelona-Osasuna partida noiz jokatu erabakitzeko arazo handiak daude, egutegia partidaz lepo dagoelako.

Lehen aukera bat Bartzelona Errege Kopatik kanpo geratuz gero sortu daiteke. Kataluniako taldeak finalerdietako itzuliko partida jokatuko du apirilaren 2an, Atletico Madrilen aurka. Joanekoan, bi taldeek launa egin zuten. Bartzelona kanpoan geratuz gero, Osasunaren aurkako partida apirilaren 26-27an jokatzeko aukera egongo litzateke, Errege Kopako finala jokatuko den asteburuan, hain zuzen.

Bartzelonak Txapeldunen Ligan eta Errege Kopan aurrera egingo balu, partida maiatzaren 19an jokatzeko aukera egongo litzateke, Liga bukatzen den astean. Azken partida maiatzaren 25ean jokatuko da.

Hansi Flicken taldea Errege Kopako finalera sailkatuko balitz, Bartzelonak Txapeldunen Ligan egiten duen ibilbideari begiratu beharko genioke. Asteartean, final-zortzirenetako itzuliko neurketa jokatuko du Kataluniako taldeak (joanekoan 0-1 gailendu zen).

Final-laurdenetara sailkatuz gero, partidak apirilaren 8-9an eta 14-15ean jokatuko dira. Sailkatzen ez badira, Osasunaren aurka jokatzeko pare bat aukera egongo lirateke. Apirileko lehen hiru asteburuetan, Ligako partidak daude, eta hilaren 22-23an, aste barruko jardunaldi bat.

Maiatza ere, beteta

Apirilaren 26an, Errege Kopako finala jokatuko dute, eta apirilaren 29-30ean eta maiatzaren 6-7an, Txapeldunen Ligako finalerdiak jokatuko dira. Horrez gain, maiatzean Ligako bost jardunaldi jokatuko dira; lau, asteburuetan, eta beste bat, aste barruan (maiatzaren 14an).

Txapeldunen Ligako finala maiatzaren 31n jokatuko da.