Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak porrot egin du La Ceramicako gol festan (4-2)

G. P. A. | EITB Media

Vila-real oso eraginkorra izan da erasoko jokoan, eta Vicente Morenoren taldeak hiru gol jaso ditu lehen zatian. Atsedenaldiaren ostean, emaitza itxuratzea lortu dute gorritxoek, Ruben Garciak eta Aimar Orozek sartutako golei esker.

  • Thierno Barryk sartu du Vila-realen bigarren gola. Argazkia: EFE

    Thierno Barryk sartu du Vila-realen bigarren gola. Argazkia: EFE

Osasunak 4-2 galdu du Vila-realen aurka gaur La Ceramica estadioan jokatu duten partidan. Iruñeko taldea 3-0 galtzen joan da atsedenaldira, eta norgehiagokaren azken txanpan soilik suspertu da, aurkaria estu hartzeko eta Ruben Garciaren eta Aimar Orozen golekin markagailua nolabait itxuratzeko.

Marcelino Garcia Toralen taldeak, berriz, ez du sekulako neurketa egin, jokoari dagokionez, baina erasoan oso eraginkorra izan da, eta sortutako abaguneak bikain baliatu ditu.

Osasunari hasieratik zaildu zaio partida, Ayozek bigarren minuturako jarri duelako Vila-real aurretik markagailuan, ezker hankarekin gol polita sartuta.

Ezusteko gol azkar horrek talde gorritxoaren hasierako plana aldatzea ekarri du, eta Osasunak urrats bat aurrera egin behar izan du, Marcelinoren taldeari baloia kentzeko, eta hori ez da batere erraza, Vila-realek oso gustuko baitu baloiaren jabetza izatea jokoan nagusitzeko.   

Vicente Morenoren mutilak pare bat aldiz iritsi dira aurkariaren area ingurura, eta beste aukeraren bat gehiago izan dute estrategiako jokaldietan, baina ez dute arrisku nahikorik sortu eta Luiz Junior atezainak ez du inolako estualdirik izan.  

Vila-real, berriz, eroso egon da zelaian, kontraerasoan beste gol aukeraren bat sortzeko zain.

Horrela, bada, lehen ordu-erdia bete denean egin du etxeko taldeak bigarren gola. Pepek pase ona eman dio Thierno Barryri, eta honek baloia loratuta gainditu du Sergio Herrera.  

Handik minutu gutxira, Ayozek egin du 3-0ekoa, Thierno Barry eta Peperekin egindako jokaldi bikainari amaiera ezin hobea emanda.

Kolpe handia hartu du Osasunak lehen zatian: hiru gol 40 minutuan. Jokoari dagokionez, zelaian ez da horrenbesteko aldea izan bi taldeen artean, baina Vila-real oso eraginkorra izan da erasoan, eta gorritxoek, berriz, ez dute arriskurik sortu.   

Bigarren zatian, Vicente Morenok Bryan Zaragoza zelairatu du, neurketa astintzeko asmoz, baina lehen zatiko gidoia errepikatu da, eta Vila-realek gola egiteko aukera izan du lehen minutuan. Comesañaren zartakoak, dena den, langa jo du.

Markagailuak baldintzatuta, partidak bizitasuna galdu du, minutuak igaro diren heinean. Osasuna konfiantza handirik gabe joan da golaren bila, eta Vila-real kontraerasoan ateratzeko zain geratu da atzean.  

Horrela, gorritxoen gola ustekabean heldu da. Juan Foythek baloia galdu du Budimirren aurrean, eta honen pasea Ruben Garciak baliatu du, 3-1ekoa egiteko.

Alabaina, pozak gutxi iraun dio. Vila-realek berehala erantzun baitio Osasunari, laugarrena sartuta. Alex Baenak erdiratu du, eta Peperen burukada sarera joan da.

Dena galduta zuela ikusita, markagailua itxuratzea izan du helburu Osasunak, eta 81. minutuan lortu du aldea murriztea, Aimar Orozek penaltiz gola sartuta.  

Norgehiagokaren hondarrean, gorritxoek estu hartu dute Vila-real, baina Marcelinoren taldeak ondo eutsi dio emaitzari bukaeraraino, eta ez da miraririk izan. Osasunak lehen zatia bota du, beranduegi suspertu da, eta Vila-realek merezita irabazi du.

FITXA TEKNIKOA

4 - Vila-real: Luiz Junior; Kiko Femenia (Pau Navarro, 46. min), Foyth (Kambwala, 75. min), Costa, Cardona; Pepe, Parejo (Denis Suarez, 82. min), Comesaña, Gueye (Buchanan, 70. min); Barry (Alex Baena, 70. min) eta Ayoze.

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Barja, 88. min), Boyomo, Unai Garcia (Iker Muñoz, 60. min), Herrando, Bretones; Torro, Moi Gomez (Bryan Zaragoza, 46. min), Aimar, Ruben Garcia (Ruben Peña, 76. min) eta Budimir (Raul, 76. min).

Golak: 1-0, 2. min: Ayoze. 2-0, 32. min: Barry. 3-0, 39. min: Ayoze. 3-1, 65. min: Ruben Garcia. 4-1, 71. min: Pepe. 4-2, 81. min: Aimar, penaltiz.

Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Vila-realeko Pau Navarrori, Comesañari, Buchanani eta Alex Baenari, eta Osasunako Aresori eta Vicente Morenori.