Osasuna
EA Sports Liga
Budimirrek puntu bat eskuratu du Osasunarentzat Betisen aurka (1-1)
I. G. | EITB Media
Cucho Hernandezek eta Ante Budimirrek sartu dituzte golak, puntu banaketarekin bukatu den eraginkortasun gutxiko partidan.
-
Budimirek berdindu du partida. Argazkia: EFE
Osasunak berdindu egin du Betisen aurka (1-1) igande honetan Benito Villamarinen jokatu den EA Sports Ligako 35. jardunaldiko partidan. Cucho Hernandezek eta Ante Budimirrek sartu dituzte golak, puntu banaketarekin bukatu den eraginkortasun gutxiko partidan.
Bi taldeek erritmo bizian jokatu dute lehen zati lehiatua, zelai erdian joko gutxi izan da eta jokaldi azkarrekin iritsi dira eta areatara. Gorritxoen aldetik, Bryan Zaragozak sortu du arrisku gehien, ezker hegaletik. Zazpigarren minutuan jaurtiketa bat egin du, baina kanpotik sarera joan da.
Baina jokoaren abiadura eta aukera kopurua ez dira bat etorri, izan ere, bi taldeak ahul egon dira atera begira. Lo Celso eta Bryan Zaragoza soilik izan dira atezainak estuan jartzeko gai. Jokalari gorritxoak estrategiako jokaldia egin du, atsedenaldira joan aurretik. Tiroa Adrianek gelditu du, baina.
Bigarren zatia hasi eta gutxira Bryanek berriro izan du aukera on bat, atezainarekin aurrez aurre utzi duen kontraeraso batean, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Betisek Sergio Herrerak bi denboratan gelditu duen jaurtiketa batekin erantzun du.
Andaluziako taldeak presioa igo du, eta azkenean markagailua irekitzea lortu dute. Iscok erdiraketa egin du hegaletik eta Cucho Hernandezek sare barrura bidali du errematea, buruz (1-0).
Baina gorritxoek ondo erreakzionatu dute eta berehala berdindu dute markagailua. Aresok eskuinetik erdiratu du, Orozek baloia orraztu du bizkarrarekin eta Budimirrek gola sartu du (1-1).
Ia jarraian, kroaziarrak bigarrena sartzeko aukera izan du, baina ez da burukada zehatza egin eta Adrianek gola eragotzi du.
Raul Garcia de Harok bere taldeari garaipena emateko aukera izan du azken minutuetan, baina burukadak langa jo du.
Azkenean, puntu banaketa Betisen eta Osasunaren artean.
Fitxa teknikoa:
1 - Betis: Adrian; Ruibal, Bartra, Natan, Perraud; Altimira (Cardoso, 79. min), William Carvalho (Fornals, 57. min); Jesús Rodriguez (Antony, 57. min), Lo Celso (Isco, 46. min), Abde (Pablo Garcia, 79. min); eta Cucho Hernandez.
1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Barja, 89. min), Boyomo, Catena, Juan Cruz; Pablo Ibañez (Iker Muñoz, 79. min), Torro, Aimar Oroz; Ruben Garcia (Ruben Peña, 57. min), Bryan Zaragoza (Arnaiz, 89. min) eta Budimir (Raul, 79. min).
Golak: 1-0, 64. min: Cucho Hernandez. 1-1, 75. min: Budimir.
Epailea: Miguel Angel Ortiz Arias. Txartel horia atera die Perraud, Altimira, Anotny, Catena eta Budimir jokalariei.