Itxi

Futbola

Kluben Munduko Txapelketa

Real Madrilek garaipena bereganatu du Pachucaren aurka (3-1), 7. minututik bat gutxiagorekin jokatuta

EITB Media

Xabi Alonsok zuzentzen duen taldeak multzoen fasea gainditzeko aurrerapausoa eman du. Epaileak Asencio egotzi du 7. minutuan. Bestalde, Juventusek 4-1 irabazi dio Casablancari, Manchester Cityk 6-0 Al Aini eta berdinduta amaitu da Salzburgoren eta Al Hilalen arteko lehia (0-0).

  • Real Madril

    Real Madrileko jokalariak Pachucari sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Munduko Kluben Txapelketako lau partida jokatu dira ekainaren 22an. Real Madrilek, Manchester Cityk eta Juventusek garaipenak bereganatu dituzte; horiez gain, Salzburgok eta Al Hilalek berdindu egin dute (0-0).

Xabi Alonsok zuzentzen duen Real Madrilek 3-1 irabazi dio Pachucari. Madrilgo taldeari maldan gora jarri zaio neurketa, epaileak Asencio egotzi baitu zazpigarren minutuan. Hala ere, Real Madril bi gol sartzeko gai izan da atsedenaldira heldu aurretik; Bellingham eta Güler izan dira golegileak. Bigarren zatian, arazo gehiegi gabe eutsi do aurkariari Espainiako taldeak. Gainera, Valverdek erabakita utzi du neurketa 70 . minutuan sartutako golarekin. Hamar minutu beranduago, Pachucak emaitza txukundu du, Montielen bidez 3-1ekoa sartuta.

Eguneko gol zaparradaren protagonista izan da Manchester City, Al Aini 6 eta 0 irabazita. Gündogan (x2), Echeverri, Haaland (x2), Bobb eta Cherki izan dira Ingalaterrako talderen golegileak.

Juventus ere aise nagusitu zaio Wydad Casablancari (4-1). Boutouilek sartu du norgehiagokako lehen gola (1-0) Italiako taldearentzat eta Yildizek bigarrena (2-0). Casablancak desabantaila murriztu du Lorchen golari esker (2-1), baina Yildizen beste gol batek 3-1eko jarri du markagailuan eta Vlahovicek biribildu du Jeveren garaipena 4-1ekoa eginda.

Bestalde, Salzburgok eta Al Hilalek golik gabe berdindu dute (0-0).