Itxi

Futbola

Kluben Munduko Txapelketa 2025

Al Hilalek Manchester City kanporatu du (4-3); Fluminensek, Inter Milan (0-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Inzaghiren taldeak Guardiolaren City lehiatik at utzi zuen, luzapenean garaipena lortuta; Fluminensek Inter Milan menderatu zuen. Final-laurdenetan, elkarren aurka jokatuko dute.

  • Tijjani Reijnders (M. City) eta Mohamed Kanno (Al Hilal), Kluben Munduko Txapelketan.

    Tijjani Reijnders (M. City) eta Mohamed Kanno (Al Hilal), Kluben Munduko Txapelketan. EFE

Simone Inzaghi italiarraren Al Hilalek ezustekoa eman zuen astelehen honetan, Guardiolaren Manchester City luzapenean 4-3 garaitu ostean, Orlandoko Camping World Stadiumen jokatutako partidan. Hala, final-laurdenetan lehiatuko da Arabiako taldea, Fluminenseren kontra.

Marcos Leonardo (2), Malcom eta Kalidou Koulibaly izan ziren arabiarrei final-laurdenetarako txartela eman zien golen egileak. Cityk, berriz, agur esan dio txapelketari, nahiz eta faborito nagusien artean egon, orain arte erakutsitako jokoagatik eta pilatutako puntuengatik. Al Hilalen kontrako norgehiagoka bizia izan zen, baina Inzaghiren taldeak ahalegin handia egin zuen, garaipen historikoa eskuratzeko. Ingelesak Juventus 5-2 menderatzetik zetorren, multzoen fase bikaina osatuta: bederatzi puntu eta 13 gol zituzten pilatuta. Hala eta guztiz ere, Silvaren, Haalanden eta Fodenen golak ez ziren nahikoa izan.

Era berean, Fluminensek ere gutxik espero zuten garaipena erdietsi zuen Charlotten, Inter Milanen aurrean, 0-2, Txapeldunen Ligako finalistetako baten aurka, hain zuzen. Horrenbestez, Kluben Munduko Txapelketako final-laurdenetako bigarren talde brasildarra izango da, Palmeirasekin batera.

Neurketa hasi eta hiru minutura, talde brasildarra aurretik jarri zen markagailuan, German Canok buruz sartutako golari esker. Nahiz eta 80. minutuan Di Marco berdinketa lortzeko zorian egon, emaitza horrekin jokatu zuten ia amaierara arte; izan ere, luzapen minutuetan (93), Herculesek italiarren desoreka bat aprobetxatu zuen, ezkerkada gurutzatu batekin bigarren gola egiteko eta hurrengo faserako txartela poltsikoratzeko: 0-2.