Futbola
Zeremonia Parisen
Dembelek bere lehen Urrezko Baloia lortu du, eta Bonmatik bere erreginaldia luzatu du hirugarrenarekin
Agentziak | EITB Media
Paris Saint Germain taldeko aurrelari frantziarrak Lamine Yamali, Bartzelonako aurrelariari, eta Vitinha taldekideari aurrea hartu die bozketan. Bestalde, erdilari kataluniarrak Mariona Caldentey gainditu du azken bozketan.
-
Bonmati eta Dembele, Pariseko sari banaketan. Argazkiak: EFE
Ousmane Dembele Paris Saint Germain taldeko aurrelariak irabazi du gaur France Football aldizkariaren eta UEFAren Urrezko Baloia, Parisko Chatelet antzokian egindako zeremonian. Era berean, Aitana Bonmati Bartzelonako erdilariak bere erreginaldia luzatu du, hirugarren urtez jarraian Urrezko Baloia lortu du eta.
Dembelek Lamine Yamal, Bartzelonako aurrelaria, eta Vitinha taldekidea gainditu ditu bozketan. Mohamed Salah egiptoarrak (Liverpool) eta Raphinha brasildarrak osatu dute bost onenen sailkpena.
28 urteko frantziarra itsasargia izan da taldean, eta erabakigarria izan zen Paris Saint Germain taldeak iragan denboraldian, Liga 1, Frantziako Kopa, Txapeldunen Liga eta Europako Superkopa irabazteko.
Vernoneko futbolariak, Bartzelonako jokalari ohiak, Rodri Hernandez espainiarra, Manchester Cityko erdilaria, ordezkatu du sarian. Karim Benzema Real Madrileko aurrelari ohi eta Al Ittihad Saudi Arabiako jokalariak jaso zuenetik irabazten duen lehen frantziarra da.
PSGko aurrelaria Urrezko Baloia irabazi duen seigarren frantziarra da, Raymond Kopa (1958), Michel Platini (1983, 1984 eta 1985), Jean-Pierre Papin (1991), Zinedine Zidane (1998) eta Karim Benzemaren (2022) ondoren.
Bonmati, aldiz, saria hiru aldiz irabazten duen lehen emakumea da, eta azken bozketan Mariona Caldentey Arsenaleko jokalariari gailendu zaio.
Sant Pere de Ribeseko erdilariak, gainera, bere hirugarren podiuma jarraian lortu du, orain arte Sam Kerr australiarrak soilik lortu duena. Kerr 2021ean eta 2022an hirugarren izan zen, eta 2023an bigarren.

